Ezagutu gaitzazu

Lehiaren Euskal Agintaritza Administrazioko erakunde autonomoa da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailari atxikia, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren funtzioen gakoak (leiho berri batean irekitzen da)

1999ko azaroaren 11ko Konstituzio Auzitegiaren 208/1999 epaiak hein batean onartu zituen Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren 17ko16/1989 Legearen (leiho berri batean irekitzen da) aurka aurkeztutako errekurtsoak. Epa ihorren bidez, konstituzioaren aurkakotzat jo zituen «Estatuko merkatu osoan edoharen zati batean» klausula, Legearen 4., 7., 9., 10., 11., eta 25. a) eta c) artikuluetan berariaz edo beste artikulu batzuen aipamena eginez jasotakoa.

Konstituzio Auzitegiaren iritziz, artikulu horiek dituzte aintzat hartzen errekurtsoa aurkeztu duten autonomia-erkidegoei beren estatutuetan ezagutzen zaizkien betearazpen-eskumenak, Estatuak lehia defendatzeko arloan emandako legeriari dagozkionak.

Epaiari jarraiki, barruko merkataritzaren arloan eskumena duten autonomia erkidegoei dagokie —Euskal Autonomia Erkidegoa kasu, 1979ko Autonomia Estatutuaren 10.27 artikuluak xedatutakoaren arabera— lehia askearen inguruko gaietan eskua hartu, baimenak eman eta zehapenak ezartzearen eginkizun betearazleak betetzea, baldin eta jardunbideak erkidegoaren barruan egiten badira edo autonomia-erkidegoaren lurralde-eremutik kanpo hedatzen ez badira.

Nolanahi ere, artikulu horien ezdeustasunak ez zuen eraginik izan harik eta, Estatuko legeak dagozkion konexio-puntuak ezarri arte, autonomia-erkidegoek betearazpen eskumen horiek gauzatu ahal izateko.

Konstituzio Auzitegiaren 208/1999 epai horretan oinarrituta, Estatuak eta autonomia erkidegoek lehiaren defentsaren arloan dituzten eskumenen koordinazioari buruzko otsailaren 21eko 1/2002 Legea eman zen. Lege horren arabera, Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren 17ko 16/1989 Legeko eskumenak erabiltzea (kolusiozko jokabideen, nagusitasunezko egoeraz abusatzea eta lehia askea egintza desleialen bidez faltsutzearen prozeduretan) gai honi buruzko eskumenak dituzten autonomia-erkidegoen ardura izango da —nork bere lurraldean izango du ardura hori—, baldin eta jokabide horiek lehia garbia dena delako autonomia-erkidegoan itxuraldatzen badute edo itxuraldatzeko modukoak badira, autonomia-erkidegoaz gaindi edo nazio-merkatu osoari eragin gabe.

Estuaren eta autonomia-erkidegoen arte konexio-puntuak zehaztuta, Euskal Autonomia Erkidegoak lehiaren defentsari buruzko organoak sortu zituen Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lehiaren Defentsarako Zerbitzuak izango dituen eginkizunak ezartzen dituen apirilaren 12ko 81/2005 Dekretuaren bidez. Dekretu horrek Estatuko eredua kopiatu zuen, bi erakunderen eredua, hain zuzen: instrukzioa egiteko erakundea (Lehiaren Defentsarako Zerbitzua) eta ebazpenak emateko erakundea (Lehiaren Defentsarako Auzitegia). Erakunde horiek independenteak ziren elkarrekiko.

Beraz, Dekretu horrek Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia sortu zuen. Delako organoa Ogasun eta Herri Administrazio Sailari atxikita egon zen, baina ez Administrazioaren egitura hierarkikoaren barruan. Halaber, 81/2005 Dekretuak Estatuko Lehiaren Defentsarako Zerbitzuaren eginkizunak Administrazioko berariazko organo bati ezarri zizkion, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzari, hain zuzen.

Lehiaren defentsaren inguruko bi erakunderen eredua errotik aldatu zuen Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legeak. Beronek 16/1989 Legea indargabetu era erakunde bateratua sortuz zuen, Lehiaren Batzorde Nazionala, zeinak instrukzioa egiteko eta ebazpenak emateko eginkizunak bere baitan hartu zituen. Gauzak horrela, antzinako Lehiaren Defentsarako Zerbitzuaren eta Lehiaren Defentsarako Auzitegiaren eginkizunak Lehiaren Batzorde Nazionalaren barruko bi organok egiten dituzte: Ikerketa Zuzendaritzak eta Kontseiluak.

Nahiz eta 81/2005 Dekretuaren jatorria zen Estatuko eredua aldatu, Euskal Autonomia Erkidegoak ez zuen hori egin. Hala ere, Dekretua aldatu beharra zegoen 15/2007 Legeak ekarritako beste aldaketa batzuen eraginez. Horren ildotik, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lehiaren Defentsarako Zerbitzuaren eginkizunak ezarri zituen dekretua aldatzeko den martxoaren 4ko 36/2008 Dekretua onartu zen.

Alabaina, euskal organoak sortu zirenetik metatutako eskarmentua aintzat hartuta, Estatuko eredua —nazioartean hedatuen dagoen antolaketa-eredua, hain zuzen— Euskal Autonomia Erkidegoan ere onartzeko ustea zabaldu zen. Beraz, lehiaren defentsaren arloan eskumen guztiak beregaintasunez betetzen dituen organo bakarra eratu behar izan zen.

Honengatik guztiagatik, Eusko Legebiltzarrak Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legea onetsi zuen. Lege horrek ezartzen du Lehiaren Euskal Agintaritza Administrazioko erakunde autonomoa dela, ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikia, eta berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izango dituela bere eginkizunak betetzeko. Orobat, ezartzen da objektibotasunez, profesionaltasunez, ordenamendu juridikoaren mende, eta herri-administrazio eta eragile ekonomikoekiko inongo loturarik gabe beteko dituela bere eginkizunak, helburuak lortzeko.

1/2012 Legearen lehen Xedapen Gehigarriak Lehiaren Euskal Agintaritzaren jardueren hasiera atzeratu zuen, harik eta Eusko Jaurlaritzak erabaki arte, Agintaritzaren jardunerako barne-erregelamendua onartu ostean. Ondorioz, Lehiaren Euskal Agintaritzak 2012ko uztailaren 17an eman zion hasiera bere jarduerari. Hori ezarri zuen Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduera noiz hasiko den zehaztu duen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren giza baliabideak erakunde autonomo horri atxikitzeko baldintzak arautzen dituen uztailaren 17ko 139/2012 Dekretuak.

  • Eragile ekonomikoek (enpresak eta kontsumitzaileak) askatasun eraginkorra duten egoera lehia da. Askatasun hori izan daiteke ondasun eta zerbitzuak eskaintzeko edota horiek noren eskutik eta zein baldintzatan eskuratzen diren hautatzeko.

  • Lehiaren agintaritzen zeregina hauxe da: enpresek eta administrazioek merkatuko joko-arauak errespetatzen dituztela kontrolatzea, guztion onuran eta kontsumitzaileen mesedetan.

Erosleak edo kontsumitzaileak

  • Askotariko produktu eta zerbitzuen eskaintzak, kalitate hobekoak eta prezio txikiagokoak.
  • Produktu eta zerbitzu berriak (edo daudenen barietate berriak), beren beharrak hobeto asetzen dituztenak, eta prezio hobean.
  • Pobrezia murriztea eta diru-sarrera txikiak dituzten familiek oinarrizko produktuak eta zerbitzuak eskuratzea (energia, garraioa edo etxebizitza).

Enpresak

  • Pizgarriak, aurkariak baino eraginkorragoak izateko, kostuak murrizteko eta produktibitatea handitzeko, inbertsioen eta hobekuntza-proiektuen bidez, besteak beste. Kontsumitzaileei helarazten zaizkien kostuetan aurreztea.
  • Pizgarriak, berrikuntzak egiteko eta produktu eta zerbitzu berriak (edo lehendik dauden produktu eta zerbitzuen barietate berriak) sartzeko, kontsumitzaileen beharrizan aldakorrei hobeto erantzunez.
  • Tokiko merkatuetan lehengaiak (garraioa, energia, telekomunikazioak eta finantza-zerbitzuak) prezio lehiakorretan erostea.
  • Hazteko eta merkatu-kuota irabazteko aukerak, bezero berriak erakarriz.
  • Merkatuan enpresa ez-eraginkor eta ez oso berritzaileak ez egotea; merkatua erakargarria izatea enpresa eraginkor, dinamiko, berritzaile eta lehiakor berrientzat, ez baitago sartzeko oztopo artifizialik.

Administrazio publikoa

  • Kalitate handiagoko eta prezio txikiagoko artikuluak eta zerbitzuak erostea.
  • Herritarrek hautematen dituzten zerbitzuak hobetzea.
  • Efizientzia handiagoz kudeatzea baliabide publikoak.
  • Merkatuetarako sarbide librea.
  • Eskualde edo herrialde bateko produktibitatea, lehiakortasuna, esportatzeko gaitasuna, hazkunde ekonomikoa eta garapen jasangarria hobetzea.
  • Lehiakortasuna eta garapen ekonomikoa sustatzera bideratutako Administrazio Publikoaren beste politika edo neurri batzuen beharra murriztea.