Lehiaren Euskal Kontseiluaren eginkizunak
Lehiaren Euskal Kontseiluaren eginkizunak honako hauek dira:
- Zehapen-prozedurak ebaztea.
- Zuhurtasunezko neurriak ezartzea ebaztea.
- Zehapen-prozeduren ebazpenak bete diren ebaztea.
- Zehapen-prozeduraren itundutako amaiera ebaztea.
- Administrazioak bere kabuz hasitako jarduerak edo salaketak artxibatzea ebaztea, hala egin behar denean, zehapen-espediente bihurtu baino lehen.
- Zuzenbidezko zein ekitatezko arbitraje-prozedurak ebaztea.
- Ikerketa Zuzendaritzari espedienteen instrukzioa egiteko eskatzea.
- Ikerketa Zuzendaritzaren ebazpen eta egintzen aurka aurkeztutako errekurtsoez ebaztea, defentsa-gabezia edo eskubide edo bidezko interesetan galera konponezina sortzen badute.
- Lege honen 3. artikuluko 4. paragrafoan aipatzen diren egintzak eta xedapenak aurkatzea erabakitzea.
- Urteko jarduera-programa onestea, bai eta helburuak eta lehentasunak zehazten dituzten urteko eta bi urtez behingo jarduera-planak ere, kontuan izanik lege honetako 1. artikuluko 5. idatz-zatiak dioena.
- Lege honen 3. artikuluko 5. paragrafoan aipatzen diren irizpenak egin eta onartzea.
- Lehiaren Euskal Kontseiluko lehendakari eta kontseilukideei buruzko errefusatze, bateraezintasun, diziplina-zentzarazpen eta ezgaitasunez ebaztea.
- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek enpresei emandako laguntza publikoei buruzko azterlan eta txostenetatik sor daitezkeen gomendioak ematea, Kontseiluaren ekimenez edo Ikerketako zuzendariak proposatuta.
- Lege honen 3. artikuluko 3. paragrafoan aipatzen diren txosten, azterlan eta proposamenak egitea.
- Arauak aldatzeko proposamenak egitea, haien kalitatea hobetzeko, horrela lehiari lagundu ahal izateko.
- Lehiari buruzko argitalpenak egitea zein dibulgazio-ekintzak antolatzea.
- Lehiaren Euskal Agintaritzaren aurrekontu-aurreproiektua onestea.
- Auzibide zibilera edo lan arloko auzibidera jo aurreko erreklamazioak ebaztea, bai eta agintaritzaren kontra aurkeztutako ondare-erantzukizuneko erreklamazioak ere.
- Lankidetzan eta elkarlanean jardutea, agintaritzaren izenean, sektoreetako erregulatzaileekin beraien eginkizunak gauzatzen eta bien intereseko gaietan; hartarako, informazio eta komunikazioko mekanismoak antolatu ahal izango ditu sektoreetako organo erregulatzaileekin, bai eta organo horiei lotesleak ez diren txostenak eskatzeko mekanismoak ere, lehiaren gaineko legeriaren aplikaziorako espedienteen esparruan.
- Jurisdikzio-organoei informazioa ematea edo oharrak aurkeztea, agintaritzaren izenean, bere ekimenez edo organo judizial batek eskatuta, lehiari buruzko araudia aplikatzeari dagozkion gaien gainean, auzipetze zibila arautzen duen legean ezarritako eran; hartarako, agintaritzak organo jurisdikzionalari eskatu ahal izango dio bidali edo bidalarazi diezazkiola gaiaren balorazioa egiteko beharrezkoak diren dokumentu guztiak.
- Hitzarmenen sinaketa erabakitzea eta baimentzea.
- Lehiari buruzko legeriak organo kolegiatuari kontzentrazio ekonomikoen arloan esleitzen dizkion eginkizunak gauzatzea, bai eta lehiaren sustapen eta defentsari dagokionez indarreko araudian errekonozituta dauden eginkizun guztiak ere.
Lehiaren Euskal Kontseiluaren funtzionamendua eta akordioen araubidea
Lehiaren Euskal Kontseilua behar bezala eratzeko, lehendakaria, idazkari nagusia eta, gutxienez, kontseilukide bat bertaratzea eskatuko da.
Lehendakariak Lehiaren Euskal Kontseiluaren ohiko eta ezohiko bileretarako deialdia egitea eta gai-zerrenda erabakiko ditu. Idazkari nagusiak agintaritzaren estatutuan ezarriko den aurrerapenarekin igorriko die deialdia Lehiaren Euskal Kontseiluko kideei. Halaber, eta aurretiko deialdirik gabe, Lehiaren Euskal Kontseilua behar bezala eratu ahal izango da kide guztiak bertaratuta aho batez hala erabakitzen badute.
Akordioak bertaratuen botoen gehiengoz hartuko dira; bertaratutako kontseilukideak ezin izango dira abstenitu, herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko araudiak abstenitzeko aurreikusitako kasuetan izan ezik. Berdinketarik badago, lehendakariaren kalitateko botoak erabakiko du.
Azken aldaketako data:

