Lehendakariaren eginkizunak

Lehendakariaren eginkizunak honako hauek dira:

a. Lehiaren Euskal Agintaritzaren lege- eta erakunde-ordezkaria izatea,

b. Lehiaren Euskal Agintaritzaren baitako organoak zuzendu, koordinatu, ebaluatu eta gainbegiratzea,

c.  agintaritzaren ikuskatze-jarduera bultzatzea,

d. Lehiaren Euskal Kontseiluaren burua izatea,

e. 3. artikuluaren 4. paragrafoan aipatzen diren egintzak eta arauak eskumena duen jurisdikzioan aurkatzeko agintzea, aldez aurretik Lehiaren Euskal Kontseiluak hala adostuta,

f. Lehiaren Euskal Kontseilua biltzeko deitzea eta gai-zerrenda erabakitzea,

g. Lehiaren Euskal Kontseiluko kideen artean egitekoak banatzeko irizpideak ezartzea,

h. Lehiaren Euskal Kontseiluko idazkari nagusiak emandako egintzak eta ziurtagiriak baimentzea, bere sinaduraren bidez,

i. orokorrean, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri-administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, administrazioko kide anitzeko organoetako lehendakariei ematen dizkien eskumenak baliatzea,

j. langileen buru nagusia izatea; hortaz, hala behar duenean, agintaritzaren izendapen askeko lanpostuetara iritsi diren langileak izendatuko ditu, baita kargutik kendu ere, aldez aurretik deialdi publikoa eginda,

k. lanpostuen zerrendak aldatzea proposatzea Eusko Jaurlaritzari, aldez aurretik Lehiaren Euskal Kontseiluak hala adostuta,

l. agintaritzaren gastuak baimendu, ordainketak agindu eta kontuen berri ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-erregimenari buruzko legeriak xedatutakoari jarraiki,

m. hitzarmenak sinatzea,

n. sektore publikoaren jardunari zein merkatuetako lehiaren egoerari buruzko urteko txostenak Eusko Legebiltzarrari nahiz ekonomia-politikaren ardura duen sailburuari helaraztea.

 

Azken aldaketako data:  2013/10/22