1.- Lehendakaria pertsona bakarreko organoa da; Lehiaren Euskal Agintaritza zuzendu eta ordezkatzeko eginkizunak betetzen ditu, eta Lehiaren Euskal Kontseiluko burua ere bada.
2.- Lehendakaria Eusko Jaurlaritzak izendatuko du, berritu ahal izango den sei urteko eperako, ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen sailburuak proposatuta, ospe zein eskarmentu handi eta egiaztatua duten legelari, ekonomialari eta beste profesional batzuen artetik agintaritzaren jarduteko arloan.
3.- Lehendakaria goi-kargua izango da; zerbitzu berezien egoeran geratuko da aldez aurretik funtzio publikoan ari bazen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko goikarguen bateraezintasun araubidepean egongo da.
4.- Dituen eginkizunak aurrera eramateko, Lehendakaria beregaintasun osoz arituko da. Ezin izango da lehendakari izendatu agintaritzaren aurrean parte hartu duena, zuzen edo zeharka, interesdun edo interesdunen baten ordezkari gisa, izendatze-data baino bi urte lehenago.
5.- Halaber, lehendakariak kargua utzi eta gero, ezin izango du bere agintaldian hasitako prozeduretan parte hartu, ezta kargua utzi eta hurrengo bi urteetan hasitakoetan ere.
6.- Lehendakariak ondorengo arrazoiengatik utziko du kargua:
a) uko egiteagatik,
b) agintaldia amaitzeagatik,
c) bateraezintasuna sortzeagatik,
d) dolozko delitua dela-eta, zigor irmoa jasotzeagatik,
e) ezintasun iraunkorragatik,
f) Gobernuak kargutik kentzea erabaki duelako, Lehiaren Euskal Kontseiluaren iritzia entzun ostean, karguari dagozkion betebeharrak modu larrian ez betetzeagatik, edo bateraezintasun, interes-gatazka nahiz datuak isilpean gordetzeko betekizunak ez betetzeagatik. Kargutik kentzeko erabakia Jaurlaritzaren ekimenez hartuko da, aldez aurretik lehiaren defentsaren arloko eskumena duen sailburuak espedientearen instrukzioa eginda; erabaki hori egoerak izan dezakeen zehapen-araubidetik bereizita hartutakoa izango da.
7.- Lehendakaria ondorengo arrazoiengatik kenduko da kargutik:
a) dolozko delitua dela-eta, bere aurka espetxeratzeko edo auzipetzeko autoa emateagatik,
b) aldi baterako ezintasuna duela adierazteagatik,
8.- Lehendakariaren kargu-uztea edo kargugabetzea Eusko Jaurlaritzak erabakiko du, artikulu honetan aipatzen diren inguruabarretakoren bat gertatzen baldin bada.
9.- Bakante, absentzia, gaixotasun edo beste kausa legal baten kasuan, antzinatasun edo adin handiena -ordena honetan- duen kontseilukideak ordezkatuko du lehendakaria.