PRENTSA-OHARRA
17 eragiketetatik lautan lurraldean presentzia duen enpresa izan da eskuratzailea, eta hamabi kasutan erositakoa. Gainerako eragiketan, eskuratzailea eta erositakoa euskal enpresak ziren
BILBO, 2026ko irailak 22 / Lehiaren Euskal Kontseiluak MLBNk azken urtean baimendu dituen eta euskal enpresak ere tartean izan diren kontzentrazio eragiketei buruzko zortzigarren txostena onartu berri du, 2025eko uztailetik 2026ko ekainera bitartekoa.
Azken urte honetan, Euskadin presentzia duten enpresekin erlazionatutako hamazazpi kontzentrazio-eragiketa izan ziren, aurreko urtean baino lau gehiago. Kasu gehienetan, Euskadin presentzia duen enpresa erosia izan da, hamabi eragiketatan guztira; lautan eroslea izan da, eta kasu bakarrean bai eroslea bai erosia euskal enpresa izan ziren. Hamalau eragiketa kontrol esklusiboko eskuratzeak izan dira, eta hiru kontrol bateratukoak.
Aztertutako 17 kontzentrazio-eragiketetatik 13 kontrol esklusiboko eskuratzeei zegozkien. Horien artean daude Iberdrolak Teruelen eta Castellonen jarduten duten Hidroeléctrica del Guadalope (HGSA), Maestrazgo Distribución Eléctrica (MADE) eta Electra Energía (EESAU) erosi izana; Grupo Neuralek Grupo Mentalia erosi izana; Mémorak Servicios Funerarios Sever erosi izana; Livensa Living Nido UKk erosi izana; eta egoitza soziala Bilbon duen Neinor Homesek, Aedas Homesen kontrola eskuratu izana. Era berean, ISS Facility Servicesek Garbialdi erosi du; StepStonek Vitalia; eta Oquendo Capitalek Litografía Alavesa (LITALSA), Global Thessaliaren bidez.
Kontrol esklusiboko eragiketak osatzeko, hauek erosi dira: Kiloutou Españak MVA Norte; Grupo Echevarnek ASPY Global Services; BM Retail Solutionsek Irunen egoitza duen eta BM eta Super Amara entseinen jabe den Uvesco Food Retail; eta Global Polymer Solutionsek (GPS) Sondikan dagoen Asúa Products Solutions. Horiez gain, Mercadonak Logifruit eta Logienvases filial portugaldarra erosi ditu (konpainia horrek plataforma bat du Gasteizen), eta Everwood Capitalek Tudefrigo taldeko enpresa eta aktibo jakin batzuk erosi ditu, horien artean egoitza Lasarte-Orian duen Tudefrigo S.L.
Bestalde, kontrol bateratuko eragiketen artean daude PE6 Grupo Neuralen kontrolean sartu izana, talde horrek aurretik Mentalia eskuratu ondoren; Repsol Customer Centricek eta Memento Gestiónek elkarrekin On Demand Facilities (ODF) eskuratu izana; Three Hillsek eta Azorak, elkarrekin, nekazaritza-elikagaien sektorean diharduen eta egoitza Gasteizen duen Grupo ISFAren kontrola hartu izana; eta Apollo Global Managementek eta Tega Industriesek elkarrekin Molycop eskuratu izana. Azken eragiketa horretan Santa Ana de Bolueta Grinding Media Bilbon egoitza duen euskal enpresa sartzen da.
2014az geroztik, MLBNk 1.090 kontzentrazio-eragiketa baimendu ditu guztira, LDCk aurreikusitako atalaseak gainditu direlako. Horietatik, euskal enpresek 122 eragiketatan hartu dute parte, hau da, kontzentrazioen % 11,19an.
Enpresa-kontzentrazioen kontrolaren helburua merkatuen egitura lehiakorra ez ahultzea da. Horretarako, aurretiazko kontrol bat dago, eta horren arabera, eragiketak eraginpeko enpresen negozio-bolumenaren edo merkatu-kuotaren atalase jakin batzuk gainditzen dituenean, aldez aurretik jakinarazi behar zaio MLBNri. Eragiketa, oro har, eten egingo da harik eta lehia-agintaritzak, baldintzekin edo baldintzarik gabe, baimendu arte.
Testuinguru horretan, LEA/AVCk MLBNk baimendutako kontzentrazio-eragiketen jarraipen-lana egiten du urtero, Euskadin dauden enpresei zenbateraino eragiten dieten neurtzeko.
LEA/AVCk aspalditik aldarrikatzen du bidezkoa dela euskal enpresek parte hartzen duten kontzentrazioen kontrolean esku hartzea, kontzentrazio horiek lehiaren ikuspegitik ebaluatzeko agintaritzarik egokiena delako.
Horrez gain, bere txostenean nabarmentzen du kontzentrazio-eragiketa batek autonomia-erkidego batean duen eragina prozeduraren ebazpen-fasetik independentea dela. Horregatik, egoki irizten dio prozeduraren lehen fasean ere MLBNk dagokion autonomia-erkidegoko agintaritzari txostena eskatzea.
Berrikuntzei dagokienez, aipagarria da Europako Batzordeak kontzentrazioei buruzko jarraibide berrien zirriborroari buruzko iruzkinak jasotzeko kontsulta publiko bat argitaratu zuela 2026ko apirilaren 30ean; jarraibide horiek gaur egungo kontzentrazio horizontalei eta ez-horizontalei buruzko jarraibideak ordezkatuko dituzte. Bestalde, Europako Batzordeak espediente bat ireki dio Espainiari, Espainiako banku- eta lehia-legeriaren zenbait xedapenek Gobernuari ahalmen zabalegiak ematen dizkiolakoan kreditu-erakundeen bat-egite eta erosketetan esku hartzeko.
Txostena ikusi.
LEA/AVCri buruz
LEA/AVC, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.
Aurreko prentsa-oharrak ikusi.

