Prentsa (Kabinete: 944356330)

Euskadin 2025ean emandako laguntza publikoen % 50 I+G+B-ra bideratu zen, eta ETEei zuzendutakoak % 16,3ra igo dira

Argitalpen-data: 

logo               

PRENTSA-OHARRA


LEA/AVCk EAEko Laguntza Publikoei buruzko Txostena argitaratu du; 2025eko ekitaldian, laguntza horiek EAEko BPGaren % 0,55 izan ziren.


Bilbon, 2026ko urriaren 30ean / Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) seigarren urtez jarraian argitaratu du 2026an EAEko Laguntza Publikoei buruzko Txostena. Dokumentu horren helburua da Laguntza Publikoen araudi-esparrua hobeto ezagutzen laguntzea, Euskadik 2015etik 2025era emandako laguntzei buruzko azterketa estatistikoa egitea, eta Espainiarekin, Europar Batasuneko estatu kideekin eta Erresuma Batuarekin alderaketa egitea.


Lehiaren Euskal Kontseiluak (LEK/CVC) atzo –urriak 29– onartutako txostenaren arabera, Euskadin emandako laguntza publikoen zenbateko osoa 2025ean 572,07 milioi eurokoa izan da –2024an baino 230 gehiago–. BPGarekiko termino erlatiboetan, 2025ean BPGaren % 0,55 dira, aurreko ekitaldietan ikusitakoa baino igoera nabarmen handiagoa. De minimis laguntzak zenbatuta, EAEko BPGaren % 0,59ra igoko litzateke.

Txostenean jasotako laguntza guztiak laguntza erregularrak dira, hau da, finantza-sektorera zuzendu gabekoak. Distortsio-ahalmen txikiagoa duten laguntza horizontalek 2025ean emandako laguntza guztien % 72,67 osatu zuten. Nabarmentzekoa da, halaber, Euskadin laguntza sektorialek igoera nabarmen handia izan dutela 2025ean, aurreko ekitaldietan baino handiagoa.

Arloei dagokienez, nabarmentzekoa da I+G+B-ra bideratutako laguntzen ehuneko handia (% 50). Horien ondoren daude, garrantziari dagokionez, enpleguari zuzendutako laguntzak (% 20,6) eta sei puntu igo diren ETEei zuzendutakoak (% 16,3), eta 2025ean pisua irabazten ari diren ingurumenari eta energia-efizientziari zuzendutako laguntzak (% 8,4).

Txostenetik ateratzen den beste datu bat Euskadiko diru-laguntzaren erabilera masiboa da, laguntza-tresna gisa. 2015ean % 76,99koa zen datuak gora egin zuen, 2022an % 96,46ko gehieneko mailara iritsi arte, eta ondorengo ekitaldietan behera egin zuen, 2025ean % 81,39an finkatu arte; ondoren, 2024ko % 1,74tik % 15,60ra igo diren abantaila fiskalak daude, eta % 2,33koak diren itzuli beharreko maileguak edo aurrerakinak.

Txostenak Euskadiko laguntzak Espainiakoekin, EBkoekin eta Erresuma Batukoekin alderatzeko 2015-2023 aldiari dagozkion datuak erabiltzen ditu, CNMCk argitaratutako azkenak baitira. Horien arabera, Euskadin laguntzaren ehuneko handiena I+G+B helburura dago bideratuta (% 58,2); EB-27n eta Estatuan, aldiz, ehuneko handiena ingurumenaren eta energia-efizientziaren helburura bideratzen da –% 51 eta % 22–. Alde horiek erakusten dute

Euskadiko laguntza-politika enpresen lehiakortasuna indartzera dagoela gehiago bideratuta, berrikuntzari eta lan-merkatuari laguntzeko. Espainiak eta, batez ere, EB-27k, aldiz, ingurumen-jasangarritasunarekin eta lurralde-kohesioarekin lotutako helburuak lehenesten dituzte.




Txosten osoa eskuragarri dago esteka honetan.




LEA/AVCri buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.

Aurreko prentsa-oharrak ikusi.