PRENTSA-OHARRA
Lehiaren Zuzenbidean espezializatu gura duten 10 ikaslek eman dute izena.
Bilbon, 2026ko urriaren 16an / Lehiaren Euskal Agintaritzak eta EHUk atzo ireki zuten Lehiaren Zuzenbidean Adituaren titulua, Sarrikoko (Bilbo) Ekonomia eta Enpresa Fakultatean Euskadin lehen aldiz emango den titulu propioa. Irekiera-ekitaldian Ainara Herce San Martín LEA/AVCko lehendakariak eta Javier García Enríquez fakultateko dekanoak hartu zuten parte.
Lehiaren Zuzenbidean espezializatu gura duten 10 ikaslek eman dute izena ikastaroan, euren eginkizunak jurista, ekonomista edo teknikari gisa gauzatzeko abokatutzan, enpresa-munduan, aholkularitzan, lehia-organoetan edo administrazio publikoan.
“Lehen aldiz, euskal unibertsitate batek lehiaren zuzenbidera bereziki zuzendutako prestakuntza espezializatu eta integrala eskaintzen du. Merkatuak sekula ez bezalako sakonerako eraldaketak bizitzen ari dira, eta horregatik dira beharrezkoak gai honetan prestatutako profesionalak. Lehia ekonomia modernoen funtsezko pieza da: hari esker, berrikuntza bultzatzen da, produktibitatea sustatzen da, eragile berrien sarrera errazten da eta hazkunde ekonomikorako baldintza egokiagoak sortzen dira. Enpresek hobetzeko pizgarriak dituzte, eta hori funtsezkoa da pertsonen beharrei hobeto erantzun ahal izateko”, nabarmendu zuen Ainara Herce San Martínek ikastaroaren irekiera-ekitaldian.
Titulu honen helburua lehiaren zuzenbideko sistema publiko zein pribatuaren ezagutza teoriko eta praktiko sendoa bermatzea da, lurralde-esparru guztietan (Europan, Estatuan eta Autonomia-erkidegoan). Prestakuntza espezializatu horretan sartzeko, beharrezkoa zen Zuzenbideko, Ekonomiako, EAZko edo ekonomiaren eta enpresaren beste arlo batzuetako gradua edo lizentziatura izatea, baina irekita dago, halaber, aurreko graduetako azken ikasmailako ikasleentzat, 225 kreditu gaindituta badituzte, bai eta beste titulazio batzuetarako ere, baldin eta lehiaren arloan esperientzia egiaztatzen bada.
Batez ere Ekonomia eta Merkataritza Zuzenbidearen arloetan aritzen diren EHUko irakasleez gain, prestakuntza kanpoko profesionalek ere emango dute, hala nola Ainara Herce San Martín Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariak eta Noemí Angulo Garzaro idazkari nagusiak. Ekimen horren bidez, Agintaritzak unibertsitate-esparruarekin duen lankidetza indartuko du, lehiaren arloan profesionalen prestakuntza espezializatua sustatzeko xedez.


LEA/AVCri buruz
Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.
Aurreko prentsa-oharrak ikusi.

