PRENTSA OHARRA
Ainara Herce San Martín Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariak 2023ko eta 2024ko oroitidazkiak, 2024-2028 Plan Estrategikoa eta 2025eko Ekintza Plana aurkeztu ditu gaur Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean
2025eko apirilaren 4an
Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) lehia sustatzeko eta defendatzeko lan handia egin zuen iaz. Jarduketa horien errepasoa egiteko, LEA/AVCko lehendakariak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean, 2023ko eta 2024ko jarduera oroitidazkiak, 2024-2028 Plan Estrategikoa eta aurten gauzatzen ari den Ekintza Plana aurkezteko. Aldez aurretik, Ainara Hercek Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariari entregatu dizkio dokumentu horiek, eta bilera egin du harekin.
Lehiaren defentsan, 2024an LEA/AVCko Ikerketa Zuzendaritzak (IZ) lehiaren aurkako ustezko jokabideen inguruko 23 zehapen-espedientetan egin zuen lan. Espediente horien izapidetze-fasearen araberako banakapena hau da: 12 aurretiazko eginbide, 6 hasiera emate eta ebazpenak betetzeari buruzko 5 zaintza. IZk izapidetzen duen zehapen-espedientea ebazpen-proposamenarekin amaitzen da, eta alderdiei jakinarazten zaie alegazioak aurkez ditzaten. Ebazpen-proposamen hori, ikerketa-fasean egindako jarduketa guztiekin eta alderdien alegazioekin batera, Lehiaren Euskal Kontseiluari (LEK) bidaltzen zaio, azter eta ebatz dezan. Lehiaren arloko zehapen-prozeduren izapideak 24 hilabetera arte luza daitezke, aztertutako gaien konplexutasunagatik.
LEKek lehiaren defentsaren arloko 5 ebazpen eman zituen: eskumena galtzeagatiko jarduketak artxibatzeko ebazpen 1, zehapeneko 2 ebazpen, absoluzio ebazpen 1 eta zaintza ixteko ebazpen 1. Zehapeneko 2 ebazpen horietako lehena Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoari egokitu zitzaion, oso astuntzat tipifikatutako bi arau-hauste egin zituela egiaztatu baitzen: batetik, COVID kreditu-luzamenduaren eskritura emateagatiko zergaren prezioa kolektiboki gomendatzea –Lehiaren Defentsari buruzko Legearen (LDL) 1.1 a) artikulua haustea– eta, bestetik, merkatua berdintasunez banatzea –LDLren 1.1 c) artikulua–
Halaber, LEKek egiaztatutzat jo zuen Tanatorio Donostialdea-Donostialdeko Beilatoki, S.A.-k (TADOSA), FURE, S.A.U.-ren oinordeko gisa, eta, solidarioki, Mémora Servicios Funerarios (Mémora) bere enpresa nagusia, LDLren 2.2 c) artikuluak debekatutako nagusitasunezko egoeraz abusatzeko arau-hauste bakar eta jarraitua egin zuela, Villabonako beilatokiko aretoa erabiltzea ukatzea, alegia.
Lehiaren sustapena
Lehiaren sustapena lehentasunezko jarduera da agintaritzaren jardueran. Sustapen-lana da zehatzeko egitekoaz bestelako edozein jarduketa egitea, merkatuetan lehia hobetzeko eta lehiaren kultura hedatzeko. Eremu horretan gauzatzen diren jarduketek era askotako gaiak biltzen dituzte.
Horrela, Agintaritzak txostenak, azterlanak eta ikerlanak egiten ditu, eta horien eremua sektore publikoko erakundeen jardunera eta laguntza publikoetara ere hedatzen da; hainbat organismo eta erakunderen aholku-emaile gisa jarduten du –erakunde publikoak, lanbide-elkargoek, enpresarien elkarteak eta sindikatuak, kontsumitzaile nahiz erabiltzaileen elkarteak–; eta araugintzako egitasmoei buruzko irizpena ematen du. Lan horretan, LEA/AVCk erregulazio ekonomiko onaren printzipioak hartzen ditu kontuan: beharra, proportzionaltasuna eta diskriminaziorik eza.
2024an, LEA/AVCk lehia sustatzeko 46 jarduketa egin zituen. Beste jarduketa batzuen artean, LEKek guztira hainbat gairi buruzko 12 arau-txosten eta 4 txosten egin zituen –laguntza publikoei eta Euskadin eragina duten kontzentrazio-eragiketei buruzko txostenak–, eta 2 azterlan argitaratu zituen. Gainera, herritarrek eta eragile ekonomikoek egindako 23 kontsultari erantzun zien.
Egindako sustapen-jardueren artean hauek nabarmentzen dira: hileta-sektorea aztertzen duen eta merkatu horren lehia-funtzionamendua hobetzeko gomendioak ematen dituen “Lehia eta Hileta Zerbitzuak Euskadin” azterlana; eta toki-erakundeek merkatuetan duten esku-hartzearen kalitatea hobetzea helburu duen eta CNMCrekin lankidetzan Udalerriak eta Lehia proiektuaren esparruan egindako “Toki-erakundeek jarduera ekonomikoan duten eragina” azterlana.
Kontratazio publikoari dagokionez, gomendioak egin zitzaizkien sektore publikoko erakundeei, hala nola EJIEri eta Euskotreni, botere esleitzaileek, kontratazio publikoko prozeduren diseinuan eta aplikazioan lehia-maila egokia dutela bermatzeko.
Gainera, sektore publikoari zuzendutako gomendioak jasotzen zituzten txostenak egin ziren, besteak beste, taxi-lizentziak emateko prozeduretan edo hirigintza-arloko arau-tresnen diseinuan eta onarpenean; hori guztia arau-txostenak eta jasotako kontsultei emandako erantzunak ahaztu gabe.
Lehiaren kultura hedatzeari dagokionez, hauek nabarmendu behar dira: Bilbon egin ziren Lehiaren XV. Jardunaldi Nazionalak, lehiari buruz emandako prestakuntza-ikastaroak, parte-hartzea foroetan eta LEA/AVCn prestakuntza egiteko praktiken programa baten deialdia.
Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean egindako hitzaldian, Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariak nabarmendu du iaz 2024-2028 Plan Estrategikoa onartu zela. “Plan horrek indartu egiten du merkatuetan lehia askea defendatzeko eta sustatzeko dugun konpromisoa, eta ildo estrategikoak ere irmo sartzen ditu, jasangarritasunaren, eragile ekonomiko eta sozialekiko hurbilketaren, sektore behartsuekiko sentsibilitatearen, eraldaketa digitalaren eta kudeaketa aurreratuaren alde egiteko”, adierazi du.
2024-2028 Plan Estrategikoak jasotzen dituen helburuak lehiaren sustapena, jarduera instituzionala eta gardentasuna, lehiaren defentsa eta bikaintasun operatiboaren lorpena dira.
2025eko ekintza plana
Urte honetarako aurreikusitako jarduerei dagokienez, Agintaritzak sustapeneko eginkizunak indartu nahi ditu, ziur baitago gure gizartean eta merkatuetan lehiaren kultura ez dagoela behar bezala hedatuta. “2025eko ekitaldirako aurreikusita ditugun sustapen jarduketa garrantzitsuenen artean daude Euskadin erregulazioa hobetzeko txostenak egitea, besteak beste, aldatu egingo den turismoaren legea; etxebizitza turistikoen erregulazioari buruzko azterlan bat egitea, eta hondakinei buruzko beste bat. Gainera, EUDELek eskatuta, hirigintza-plangintzari eta pisu turistikoen ezarpenari buruzko txosten bat egin dugu. Era berean, udalerriei eta lehiari buruzko jardunaldi bat egin dugu EUDELen egoitzan, toki-erakundeen jarduera ekonomikoan duten eraginaren inguruan”, azaldu du Ainara Hercek.
Lehiaren defentsari dagokionez, merkatuak eta lehia murrizten duten jokabideak gero eta konplexuagoak direnez, 2025eko Ekintza Planak egokitzat jotzen du zaintza proaktiboa indartzea eta zehapen-prozedura eraginkortasunez aplikatzea. “Ildo horretan, lehiaren aurkako jardunbideak detektatzeko baliabide propioak indartuko ditugu, kontratazio publikoko kolusio jardunbideak aztertuko ditugu, kanal anonimoan hobekuntzak egin ditugu eta sektore behartsuetan eragin berezia duten merkatu edo sektore sentsibleetan sakonduko dugu”.
LEA/AVCren 2025eko Ekintza Planak abangoardiako teknologien eta metodo analitiko aurreratuen inplementazioa jasotzen du, detekziorako barne gaitasunak indartzeko.
LEA/AVCri buruz
LEA/AVC, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.
2024ko Jarduera Oroitidazkia eskuragarri dago jada LEA/AVCren webgunean: www.competencia.euskadi.eus