PRENTSA-OHARRA
__________________________
LEA/AVCk EAEko Laguntza Publikoei buruzko Txostena argitaratu du. 2024ko ekitaldian BPGaren % 0,35 izan ziren.
________________________
BILBOn, 2025eko urriaren 7an
Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) bosgarren urtez jarraian argitaratu du EAEko Laguntza Publikoei buruzko 2025eko Txostena. Dokumentu horren helburua laguntza publikoen esparru arautzailea hobeto ezagutzen laguntzea, Euskadik 2015etik 2024ra emandakoen azterketa estatistikoa egitea eta Espainiarekin eta Europar Batasuneko eta Erresuma Batuko estatu kideekin konparazioa egitea da.
Joan den astelehenean –irailaren 29an– Lehiaren Euskal Kontseiluak (LEK) onartutako txostenaren arabera, Euskadin emandako laguntza publikoen zenbateko globala 342,36 milioi eurokoa izan da 2024an. BPGrekiko termino erlatiboetan, % 0,35a dira, eta minimis laguntzak (lehiaren gaineko ondorio mugatuak) barne BPGren % 0,44raino iritsiko litzateke.
Txostenean jasotako laguntza guztiak laguntza erregularrak dira, hau da, ez finantza-sektoreari zuzendutakoak. Laguntza horizontalek ahalmen distortsionatzaile txikiagoa dute, eta emandako laguntza osoaren % 85,6 izan dira 2024an. Laguntzen % 4,8 COVID-19aren edo Ukrainako gerraren ondoriozko Krisiaren eta Trantsizioaren aldi baterako esparruetan sartzen dira.
Eremuei dagokienez, nabarmentzekoa da I+G+Bra bideratutako laguntzen ehuneko handia (% 60,4). Ondoren, enplegurako laguntzak (% 24,8) eta ETEentzako laguntzak (% 10,6), eta kulturarako eta ondarearen kontserbaziorako laguntzak, ingurumenerako eta energia-eraginkortasunerako laguntzak datoz.
Txostenean xehatzen den beste datu bat Euskadin diru-laguntza laguntza-tresna gisa modu masiboan erabili dela da. 2015ean % 76,99koa zen datua handitu egin zen, 2022an % 96,46ko maximora iritsi arte, eta 2024an % 92,75era jaitsi zen. Ondoren, % 4,49ko mailegu edo aurrerakin itzulgarriak eta % 1,74ko abantaila fiskalak datoz.
Txostenak 2015-2024 aldiko datuak erabiltzen ditu Euskadiko laguntzak Espainiakoekin, EBkoekin eta Erresuma Batukoekin alderatzeko, horiek baitira MLBNk argitaratutako azkenak. Horien arabera, Euskadin laguntzaren ehuneko handienak I+G+B du helburu (% 61,2); Estatu mailan, eskualde-garapenak (% 22); EB-27+RUn, berriz, ingurumenaren eta energia-eraginkortasunaren helburuak jasotzen du laguntzaren ehuneko handiena.
Txosten osoa esteka honetan dago eskuragarri.
LEA/AVCri buruz
LEA/AVC, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.
Aurreko prentsa-oharrak ikusi.

