Prentsa

Lehiaren Euskal Agintaritzak elikaduraren balio-katearen arau-esparrua aztertu du, salbuespenak dituen sektore kaltebera

Argitalpen-data: 

Lehiaren Euskal Kontseiluak 'Elikaduraren balio-katea Euskadin eta lehia politika' txostena onartu du, bere jarduera-ildo estrategikoetako bati erantzuteko, GJHekin lerrokatuta daudenak: "merkatuen zaintza proaktiboa egitea".

"Ekoizleak bereziki zaurgarritzat jotzen dira merkataritza-jardunbide desleialekiko; izan ere, askotan, ez dute hornidura-kateko beste operadore batzuen pareko negoziazio-ahalmenik".

 

2022ko abuztuaren 8a

Nekazaritzako elikagaien sektorea pertsonen bizitza eta osasunerako ezinbestekoak diren produktuen jatorria da; gainera, eremu estrategikoa da, hainbat arrazoirengatik, hala nola garapen jasangarrian, klima-aldaketaren aurkako borrokan edo lurralde- eta paisaia-antolamenduan duen eraginagatik. Hala ere, sektore kaltebera da: ekoizleen eskaerak, elikadura-katean duten egoeragatik, gora egin dute, klima-fenomenoek eragindako kalteak gero eta handiagoak dira, intsumoen prezioak gorantz doaz, etab.

Testuinguru honetan, Lehiaren Euskal Agintaritzaren (LEA/AVC) Kontseiluak 'Elikaduraren balio-katea Euskadin eta lehia politika' txostena onartu du organismoaren jarduera-ildo estrategikoetako bati erantzuteko, GJHekin lerrokatuta dagoena: "merkatuen zaintza proaktiboa egitea”. Bertan sektorearen eta Euskadiren egoera eta sektore hori arautzen duten erregulazioak aztertzen dira. Sektorea lehia-araudiaren mende dago, baina, hala ere, baditu berezitasunak eta salbuespenak.

Ekoizlearen errealitatea sektorean

Txostenaren arabera, azken urteotan, “nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleen eskaerak intentsitatean hazi dira, elikadura-katean duten egoerari dagokionez, alderantzizko presio bikoitza bizi dutelako. Kontzeptu horrek negoziazio-ahulezia adierazten du”. Gainera, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei kalte zuzena dakarkien hainbat faktore badaude, eta beren bideragarritasuna arriskuan jartzen dute; ekoizpenaren eskakizunak, jasotako prezioen jaitsiera, fenomeno klimatikoek eragindako kalteak handitzea, lehengaien kotizazioen hegazkortasunak eta elikadura-katean prezioak finkatzean orekarik ez izatea dira LEA/AVCk identifikatu dituen adibide batzuk.

“Funtsezkoa da elikagaien katea osatzen duten ekoizpen-, eraldaketa- eta banaketa-jarduerek, industriak eta zerbitzu osagarriek eta jarduera horien arteko erlazioek zuzen eta leial funtzionatzea merkatuari dagokionez, lehiak prezioetan, kantitatean, kalitatean, hautatzeko aukeran eta berrikuntzan dituen ondorio positiboak heda ditzan”, adierazten da txostenean.

Erregulazioa, babes handiagoa izateko, salbuespenekin

Txostenaren arabera, “nekazaritza-jardueraren egiturazko berezitasunak salbuespenak ezartzea ekarri zuen”. Zehazki, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak (EBFT) Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) ezarri zuen -60ko hamarkadan sortu zen eta 2023ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean erreforma-. “Politika horren funtzionamenduari eta helburuak lortzeari babes handia eman zionez, jokabide batzuk lehiaren aurkakotzat hartzetik salbuetsita daude”.

Sektorearen beharrei eta erronkei aurre egiteko, “gure araudian erregulazio sektorial espezifiko baten bidez jardutea erabaki da, eta horren adierazle nagusia Elikadura katearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko 12/2013 Legea (EKL) da”.

Txostenaren arabera, “ekoizleak bereziki zaurgarritzat jotzen dira merkataritza-jardunbide desleialekiko; izan ere, askotan, ez dute hornidura-kateko beste operadore batzuen pareko negoziazio-ahalmenik, eta, ondorioz, baldintza jakin batzuk onartzera mugatzen dira –hala badagokio, beren produktuen izaera galkorraren presioa ere badute–, beren produktuak kontsumitzaileei ezin helarazteko arriskuarekin”. Halaber, “operadoreen arteko desoreka horiek edo transakzioetako negoziazio-ahalmen anitza zenbait merkataritza-jardunbide desleialen jatorrian” egon direla ohartarazten du: “Besteak beste, ordainketen atzerapenei, alde bakarreko kontratu-aldaketei, gehiegizko klausulak sartzeari eta prezioei buruzko informaziorik ezari buruzkoetan”.

Beste arau batek, nekazaritzako eta elikagaigintzako hornidura-kateko jardunbide komertzial desleialei buruzko 2019/633 Zuzentarauak, erosleen eta hornitzaileen arteko harremanetan debekatuta dauden merkataritza-jardunbide desleialen gutxieneko zerrenda, eta debeku horiek betetzen direla kontrolatzeko gutxieneko arauak ezartzen ditu.

16/2021 Legearen bidez Espainiako araudira egindako transposizioarekin, aplikazio-eremua zabaldu da, debekatutako jardunbide desleialen zerrenda osatu da, eta Elikagaien Kateari buruzko Legean aurreikusitako arau-hausteak eta zehapenak eguneratu dira. Hala, arau-hauste izan daitezke elikagai-kontratuak idatziz ez formalizatzea, prezioa kontratu horietan ez sartzea, hitzartutako prezioaren gaineko ordainketa gehigarriak eskatzea edo kontratu bat negoziatzeko edo gauzatzeko prozesuan lortutako beste operadore batzuei informazio komertzial sentikorra eskatzea edo jakinaraztea. Era berean, ekoizleei erosteko betebeharra ekoizpen-kostu efektiboen gainetik sartu izana nabarmentzen da, baita abusuzkotzat jotzen diren praktiken sorta berri bat ere.

Lehiaren barruko salbuespenak

LEA/AVCren azterlanarekin, besteak beste, arau-aldaketa horien gainean jarri nahi da arreta, nekazaritzako elikagaien merkatuan lehia askearen eta leialaren jokoan duten eragina baloratu ahal izateko, hori premiaren, proportzionaltasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioen arabera arautu behar baita. Era berean, sektorean ohikoak diren harreman asimetrikoak aztertzen ditu, azken lege-eguneratzeak, 16/2021 Legeak, aurre egin nahi dien merkataritza-praktika desleialak bultzatu dituztenak.

 

Praktika salbuetsiak, salbuetsita daude nekazariei, nekazarien elkarteei, ekoizleen erakundeei eta lanbide arteko erakundeei mesede egiten saiatzeagatik, nekazaritza-produktuak ekoizten edo merkaturatzen dituzten neurrian. Salbuespen horien bidez, besteak beste, nekazaritzako oinarrizko operadoreei dimentsio handiagoa eman nahi zaie eta, horrekin batera, negoziatzeko gaitasun handiagoa, baita jasangarritasun helburuak lortzen lagundu ere.

“Hala ere, nekazaritzako salbuespena esplizituki jaso behar da Europako Kontseiluaren eta Parlamentuaren Erregelamenduan, eta NPBren helburuak lortzen laguntzen badu soilik justifikatuko da”, azpimarratu du LEA/AVCk. Helburu horien artean nekazariei laguntzea eta nekazaritzako produktibitatea hobetzea, elikagai eskuragarrien hornidura egonkorra ziurtatuz; edo EB osoko paisaiak eta landa-eremuak kontserbatzea aurkitzen dira. Azken batean, salbuespen horiek ematen dituzten jokabide-aukerek ez dute esan nahi lehiari buruzko araudia aplikatzetik erabat salbuetsita daudenik; aitzitik, Erregelamendutik kanpo geratzen den guztia eta/edo NPBren helburuak betetzeko beharrezkoa ez den edo neurriz kanpokoa den guztia ez da salbuespenaren onuradun.

Aukera horien artean, besteak beste, Ekoizleen Erakundeak (EE) -batez ere kooperatibak- eta Ekoizleen Erakundeen Elkarteak (EEE) eratzea ahal izatea dago, Batasuneko Zuzenbideak esleitzen dizkien helburuak lortzeko beharrezkoak diren jardunbideak gauzatu ahal izateko, eta haien akordioak, erabakiak eta hitzartutako jardunbideak kolusio jardunbideen debekutik kanpo egon daitezke. Zehazki, nekazaritza-sektoreari emandako babes bereziak aukera ematen du bi elkarte mota horiek prezioak adosteko, informazio sentsiblea trukatzeko eta merkatutik produktua modu koordinatuan erretiratzeko, prezioen beherakada saihesteko. Jokabide horiek, salbuetsita ez badaude, Lehiaren Zuzenbidearen mende egongo lirateke.

LEA/AVCk txostenean azpimarratzen du nekazaritza-sektoreko lankidetzak ez diola “kalterik egin behar Europako merkatuetan lehia eraginkorra eusteari, behar-beharrezkoa denetik haratago”, eta “lortu nahi den helburura” mugatu behar duela, “nekazarien arteko lankidetza handiagoak emaitza bidezkoagoak eta eraginkorragoak ekar ditzan, bai ekoizleentzat, bai kontsumitzaileentzat”.

Lehiaren ikuspegitik, Lehiaren Defentsari buruzko Legeak (LDL) lehentasuna du EKLren aldean, baldin eta merkatuetako lehiak eraginik jasotzen badu; horrelakoetan eten egin behar da EKLren babespean egitate berberengatik hasitako zehapen-espediente administratiboaren izapidetzea. Gainera, EKLk araututako harremanen edukia berariaz dago lehiaren defentsari buruzko araudiaren mende, bai eta harreman horiek gauzatzeko eta interpretatzeko printzipio gidarien aplikagarritasunaren mende ere.

Izan ere, hainbat erakundek zigortutako praktiken adibide ugari daude. Besteak beste, 10 esne-enpresaren arteko informazio komertzial sentikorra trukatzea, prezioak finkatzeko, merkatua banatzeko eta soberakinak kontrolatzeko akordioetan gauzatu zena; txikizkako elikagaiak ontziratzeko sektoreko karteletan parte hartzea, poliestireno edo polipropilenozko apar erretilu zurrunen prezioak finkatzeko eta bezeroak esleitzeko; edo merkatua edo hornikuntza-iturriak banatzea, espezie jakin batzuetako arrantza-kuotak eta prezioak finkatuta.

Sektorea Euskadin

Elikadurak Euskadiko Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren (RIS3 Euskadi) diseinuan eta ezarpenean funtsezko lekua du. Bertan, elikadura aztertu beharreko aukera-nitxo gisa identifikatzen da, beste esparru batzuekin, hala nola, osasunarekin eta zahartzearekin, klima-aldaketarekin eta jasangarritasunarekin, duen lotura garrantzitsuarengatik. Era berean, sektore horrek gaitasun zientifiko-teknologikoak behar ditu teknologia bideratzaileetan, eta horiek kritikoak izango dira sektorea eraldatzeko eta lehiakortasunean irabaz dezan laguntzeko jardunean.

Txostenaren arabera, 2020an, elikaduraren balio-katea Euskadiko BPGaren % 9,36 izan zen, eta 138.034 enplegu zuzen metatu zituen. Ostalaritza eta elikagaien merkataritza dira BPGri eta enpleguari ekarpen handiena egiten dioten bi jarduerak. Nekazaritzako elikagaien balio-kateak askotariko eragileak biltzen ditu, interes bereiziak dituztenak. Basque Food Clusterren arabera, hiru talde nagusitan (ekoizpena, eraldaketa eta banaketa) eta bigarren mailako bi taldetan (industria eta zerbitzu osagarriak; eta ezagutza- eta dinamizazio-eragileak) antolatzen dira, dagozkien eragile logistikoekin batera. Euskadiko nekazaritzako elikagaien kateko katebegi bakoitzeko datuak txosten osoan kontsulta daitezke.