Ekitaldiak

KONTSULTA PUBLIKOA: Hondakin ez-arriskutsuen zabortegiak Euskadin eta Lehia

«Kutsatzen duenak ordaintzen du» printzipioa hondakinen kudeaketa publikoaren funtsezko oinarrietako bat da. Horren aplikazioak ingurumen-erronkei aurre egiteko beharrari erantzuten dio, hala nola klima-aldaketari, baliabideak agortzeari eta biodibertsitatearen galerari, ekonomia lehiakor eta jasangarri baterako trantsizioa sustatuz. 

Ikuspegi hori Europako, Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko politiketan islatzen da. Politika horien helburua da hondakinak sortzearekin eta kudeatzearekin lotutako merkatuko akatsak zuzentzea. Akats horiek zuzentzeko, administrazio publikoek hainbat tresna dituzte, hala nola zergak, dirulaguntzak, baimen transferigarrien sistemak edo arauketaren bidezko zuzeneko esku-hartzea, eta horiek guztiak sozialki eraginkorrak diren portaerak eragitera bideratuta daude.

Hala ere, eraginkorrak izan daitezen, neurri horiek hondakinen kudeaketarekin lotutako merkatuetan lehia eraginkorra izatearekin osatu behar dira: bilketa, sailkapena, berreskuratzea edo balorizazioa, eta deuseztatzea. Fase horietan lehia-tentsio egokia izateak eragina du zerbitzuaren eraginkortasunean, kostuan eta kalitatean, eta mesede egiten die bai hondakinen ekoizleei, bai, azken batean, kontsumitzaileei. Oreka horrek bi helburu bateratu behar ditu: efizientzia ekonomikoa sustatzea ―eta efizientzia horrek hondakinen kudeaketaren kostuarekin eta kalitatearekin duen korrelazioa― eta birziklatzea handitzea, deuseztatzera bideratutako hondakinen proportzioa ahalik eta gehien murriztuz; izan ere, saihestezina bada ere, jasangarritasun-irizpideen arabera kudeatu behar da.

Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) azterlana egin du, eta jendaurrean jarri du. Dokumentuak, hondakin ez-arriskutsuei buruzkoak (HEA), hondakinen kudeaketaren balio-katearen azken jarduketa du ardatz: hondakinak zabortegian ezabatzea. Zehazki, LEA/AVCk Euskadiko zabortegian hondakin ez-arriskutsuak gordailutzeko merkatuaren egungo egoera aztertu du, lehiaren zuzenbidearen ikuspegitik, eta ekarpenak jaso nahi ditu, haien azterketan aurrera egin ahal izateko.

Ekarpenak esteka honetan dagoen inprimakia betez egin daitezke.

Ekarpenak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 10etik 2026ko maiatzaren 10era bitartekoa da, biak barne.

ERLAZIO DUTEN DOKUMENTUAK

Antolatzailea:
LEA/AVC
Hasiera data - Amaiera data:
-
(España)