Prentsa (Kabinete: 944356330)

Lehiaren Euskal Agintaritzak zehapenak ezarri dizkie eskola-garraioko 31 enpresari, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari boikota egin izana egiaztatutzat jo duelako

Argitalpen-data: 

LEA/AVC

logo

PRENTSA OHARRA


Finkatutako zenbatekoak 1.500 eta 178.447 euro bitartekoak dira, eta enpresei ezarritako isun orokorra ia 867.000 eurokoa da


BILBO, 2026ko apirilaren 30ean / Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) zigor ekonomiko batekin itxi du ustez debekatutako jokabideak izateagatik –Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legearen (LDL) 1. artikuluaren arabera– 2023ko irailean 31 enpresari irekitako espedientea. Lehiaren Euskal Kontseiluak (LEK) egiaztatutzat jotzen du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari boikota egiteko jarduera kolektiboak egin zirela 2023/2024 ikasturterako eskola-garraioa kontratatzeko espedienteen esparruan.

Ebazpenak egiaztatutzat jo du LDLren 1.1 artikuluak debekatutako jardunbide bat dagoela: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari boikota egitea. Arau-hauste hori oso larria da, LDLren 62.4 a) artikuluaren arabera.

Jardunbide hori jarduketa hauen bidez gauzatu zen: lizitazioetara aurkeztutako eskaintzen oso ehuneko txikia; epe barruan zuzendu gabeko osatu gabeko eskaintzen aurkezpena; 2022-2023 ikasturtean zerbitzua zuzeneko esleipenaren bidez emateari uko egin izana; Nahitaezko Egikaritzearen Agindua bete ez izana; eta ibilbide gehienetan atzerapena zerbitzua ematen hasteko unean, 2023ko irailaren 18ra arte, zehapen espediente hau jada irekita zegoenean.

Adierazitako enpresa guztiek modu uniformean eta denbora-tarte berean egindako jokabideak izan ziren, eta, ondorioz, enpresen artean adostutako eta koordinatutako jarduketak izan zirela ondorioztatu da.

Arrazoi horiengatik Kontseiluak zigorrak ezarri dizkie 31 enpresari. Beste 28 enpresak ez dute zigorrik izango, ez delako debekatutako jardunbideak egon direla egiaztatu. Zigorrak gutxieneko 1.500 eurotik 178.447 eurora bitartekoak dira, guztira 867.000 euro inguruko isuna. Zehapen horiek kalkulatzeko, oso arau-hauste larrietan Lehiaren Defentsaren Legeak aurreko ekitaldian enpresek izandako negozio-bolumen osoaren % 10erainoko isunak jartzeko aukera ematen duela kontuan hartu da.

LEA/AVCren ebazpenaren aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu administrazio-bidean, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean.



LEA/AVCri buruz

LEA/AVC, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.

 

Ebazpena LEA/AVCren webgunean dago eskuragarri.