Prentsa (Kabinete: 944356330)

Lehiaren Euskal Agintaritzak Lehia Sariak deitu ditu, esparru akademikoan lehiaren kultura sustatze aldera

Argitalpen-data: 

LEA/AVC

logo

PRENTSA OHARRA


  Lehiaren Euskal Agintaritzak Lehia Sarien lehenengo ediziorako deialdia egin du, esparru akademikoan lehiaren kultura sustatze aldera.


BILBO, 2026ko uztailaren 2an / Sari horien helburu nagusia da ikasketa-amaierako lana egin behar duten unibertsitate-ikasleek lehiaren defentsarekin zerikusia duten gaiei buruzkoa egin dezaten sustatzea, eta, horrela, merkatuen eta ekonomiaren funtzionamendu egokirako eremu estrategiko horri buruzko ezagutza eta ikerketa indartzen laguntzea.

Deialdia baldintza jakin batzuk betetzen dituzten pertsona fisikoei zuzentzen zaie. Baldintza horien artean daude, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin edo ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-sistemako unibertsitate batean egin izana. Prozedurak bi fase dituen ebaluazio-sistema ezartzen du. Lehenengoa fasean, berrikuspenekoan, lanak deialdiaren xederako egokiak diren egiaztatuko da; eta bigarren fasean, baloraziokoan, aurrez ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira lanak.

Lehen edizio honen zuzkidura ekonomikoa 2.000 eurokoa da, eta onuradunek gehienez 1.000 euro jasoko dituzte. Eskabideak aurkezteko epea 2026ko irailaren 1ean irekiko da eta urte bereko irailaren 30era arte egongo da zabalik (EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez).

Lehiaren Euskal Agintaritzaren Idazkaritza Nagusiak kudeatuko du prozedura, eta azken ebazpena agintaritzaren lehendakariak emango du, balorazio-batzordeak proposatuta. Emandako sarien zerrenda Lehiaren Euskal Agintaritzaren webguneko gardentasun-atalean argitaratuko da, eta, horrela, publizitatea eta prozesuaren kontu-ematea bermatuko dira.

Ekimen horren bitartez, Lehiaren Euskal Agintaritzak beste urrats bat egingo du lehia sustatzeko bidean; izatez, unibertsitateko ikasleek arlo horren gainean interesa izan dezaten sustatuko da eta gizartearen mesederako izango den ezagutza espezializatua sortzen lagunduko da.



LEA/AVCri buruz

LEA/AVC, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.