PRENTSA-OHARRA
Arau-hauste larritzat jotakoarengatik ezarritako zenbatekoak 8.699 eta 63.638 euro artekoak dira, eta bost hilabetez sozietate publiko horren antzeko lizitazioetan kontratatzeko debekua ere ezarri zaie
BILBO, 2026ko irailak 16 / Lehiaren Euskal Agintaritzak hiru enpresari zigor ekonomikoa ezarrita itxi du ustez debekatutako jokabideengatik —uztailaren 3ko Lehiaren Defentsarako 15/2007 Legearen (LDL) 3. artikuluaren arabera— 2025eko maiatzean irekitako espedientea. Lehiaren Euskal Kontseiluak (LEK) egiaztatutzat jon du lehia desleialeko egintzak egon direla ALOKABIDEk kudeatutako etxebizitzen mantentze-enpresen erregistrora sartzeko.
Ebazpenak frogatutzat jotzen du LDLren 3. artikuluak debekatzen duen jardunbide bat gertatu dela: lehia askea faltsutzea, jokabide desleialen bidez lehia-arauak (LDesLren 15.2 artikulua); kasu honetan, SPKLren 139.3 artikulua hautsi da. Hori guztia, ALOKABIDEk (etxebizitza babestuen alokairuak kudeatzen dituen Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa) kudeatutako eraikin eta etxebizitzak mantentzeko eta kontserbatzeko konponketa- eta erreforma-arretarako zerbitzu bat izateko helburuarekin deitutako Hornitzaileen Erregistroaren Esparru Akordioaren lizitazioaren baitan gertatu zen.
Jardunbideak honela funtzionatu omen zuen: hiru merkataritza-sozietateek, talde enpresarial gisa zituzten loturez baliatuta, ALOKABIDEk deitutako lizitaziora autonomoak eta independenteak ez ziren eskaintzak aurkeztu zituzten, lote eta elkarren artean koordinatu ziren espezialitate guztietan esleipen kopururik handiena lortzeko.
Arau-hauste larritzat jota, ebazpenak hiru enpresa arau-haustearen erruduntzat eta erantzuletzat jotzen ditu, eta zigor hauek ezartzen dizkie: INKUDE ZERBITZUAK, S.L. (8.699,59 euro), PROMUZA 2007, S.L. (51.950,13 euro) eta UGAO INSTALACIONES, S.L. (63.638,61 euro). Zigorrak kalkulatzeko orduan kontuan hartu da Lehiaren Defentsarako Legeak arau-hauste larrietan aurreko ekitaldian enpresek izandako negozio-bolumen osoaren % 5eraino iristen diren isunak ezartzea baimentzen duela. Horrez gain, bost hilabetez higiezin-parkea mantentzeko eta kontserbatzeko ALOKABIDErekin kontratatzeko debekua ere ezarri zaie.
LEA/AVCren ebazpenaren aurka ez dago administrazio-bidean inolako errekurtsorik jartzerik, baina bi hilabeteko epean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean.
Ebazpena ikusi.
LEA/AVCri buruz
LEA/AVC, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.
Aurreko prentsa-oharrak ikusi.

