Prentsa

Lehiaren Euskal Agintaritzan prestakuntza-beka egiteko deialdia zabalik

Argitalpen-data: 

 

Hamar hilabeteko iraupena du, eta goi-mailako unibertsitate-titulua lortu berri duten eta erakundearen funtzioei dagozkien eremuetan sakondu nahi duten gazteei zuzenduta dago.

Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) prestakuntza-beken deialdi berri bat ireki du erakunde autonomoak lan egiten duen eremuetan sakondu nahi duten gazteentzat. Zehazki, plaza bat eskaintzen da LEA/AVCren egoitzan, gehienez hamar hilabeterako, eta hilean 1.100 euroko zuzkidura ekonomikoa du.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatu, bermatu eta hobetzea da, Euskadin egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez. Horretarako, zenbait eskumen baliatuko ditu, hain zuzen ere, zehatzeko, sustatzeko, aurkaratzeko, irizpenak emateko, kontsultatzeko eta arbitratzeko eskumenak. 2024ko Ekintza Planaren barruan, praktikak egiteko programaren bidez gazte profesionalekiko konpromisoa sendotzea eta prestakuntza- eta ikaskuntza-aukerak eskaintzea jasotzen du.

2021eko eta 2022ko deialdietako emaitza onen ondoren, aukera berri hau abiarazi du Zuzenbideko, Ekonomiako edo Enpresako goi-mailako unibertsitate-titulazioa (graduduna, lizentziaduna edo titulazio baliokidea) duten eta LEA/AVCren jardun-eremuetako berezko gaietan lanbide-heziketa osatu eta garatu nahi duten pertsonei zuzenduta.

Hautatutako pertsonak, besteak beste, zehapen-espedienteak izapidetzen eta lehia sustatzeko txostenak egiten parte hartuko du. Horretarako, LEA/AVCko langileekin batera, espedienteen dokumentazioa aztertzen, jurisprudentzia biltzen eta aztertzen, datuak jasotzen eta aztertzen, eduki juridiko-ekonomikoko txostenak egiten eta erregulazioa aztertzen parte hartu ahal izango du. Era berean, espediente-tipologia desberdinak izapidetzen lagundu ahal izango du, bai eta jardunaldietara joan edo prestakuntzarako egokitzat jotzen diren beste jarduera batzuk egin ere.

Interesdunek aurrez aurre edo telematikoki egin dezakete eskabidea, 2024ko urriaren 3ra arte. Informazio guztia, baldintzak, eskabide-eredua eta aplikazio moduak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian kontsulta daitezke.