PRENTSA-OHARRA
Erakunde autonomoak 2024-2028 Plan Estrategikoa argitaratu du. Sendotze- eta indartze-garai bat bete ondoren, bere helburuei eusten die ildo berriak txertatuz, hala nola, iraunkortasuna, eragile ekonomiko eta sozialetara hurbiltzea, sektore behartsuekiko sentsibilitatea, eraldaketa digitala edo kudeaketa aurreratua.
Organismoaren funtzionamendurako eta lan-prozesu eta -sistema eraginkorrak ezartzeko kudeaketa estrategikoko tresna da, 2030 Agendarekin eta GJHekin lerrokatuta dagoena.
2024ko otsailaren 6a
Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVCk) 2024-2028 Plan Estrategikoa onartu du, erakunde autonomoak datozen lau urteetan hartuko duen norabidea zehazteko. Horrela, aurreko Planaren helburuen jarraipena mantenduko duen garai berri bati ekingo dio orain. Bizitako esperientziaren ondoren eta mundu mailako joeren azterketa baten ostean ildo estrategiko berriek definitu ditu.
Dokumentu berria bat dator euskal erakundeek 2030 Agendarekin eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GJH) duten konpromisoarekin, eta kudeaketa-tresna estrategikoa da erakundearen funtzionamendurako eta lan-prozesu eta -sistematika eraginkorrak ezartzeko.
Helburuen jarraipena
LEA/AVCk bere lau helburu nagusiak mantenduko ditu: lehiaren sustapena, erakunde jarduera eta gardentasuna, lehiaren defentsa eta bikaintasun operatiboa lortzea. Hala ere, aurreko etapako esperientzia oinarri hartuta, helburu horiek zehazten dituzten zenbait ildo estrategiko eguneratu ditu.
Lehiaren sustapenari dagokionez, berritasun bezala, Berrikuntzaren Erosketa Publikoari arreta berezia jarriko zaio. Erakunde jarduera eta gardentasunaren arloan LEA/AVCk ildo berri bat gehitu du, ekonomia- eta gizarte-eragileenganako hurbilketa sustatzeko asmoarekin, eta horretarako interes taldeen mapa sortu du.
Lehiaren defentsaren helburuari dagokionez, LEA/AVCk ildo estrategiko berri bat identifikatu du, kolektibo zaurgarrietan eragin berezia duten merkatu edo sektore sentikorretan sakontzeko. Azkenik, bikaintasun operatiboa lortzeari dagokionez, eraldaketa digitaleko eta eraldaketa iraunkorreko proiektuak ezartzen ahaleginduko da erakundea.
Oinarri sendoa eta urteko ebaluazioa
Hartutako esperientziaz gain, Plan berria egiteko, LEA/AVCk nazioarteko iturriek (UNCTAD, ELGA, Europako Batzordea...) eta lehiaren beste agintaritza batzuek markatutako joeren azterketa egin du, merkatuei zuzenean eragiten dieten egoera sozioekonomiko globaleko gai garrantzitsuak kontuan hartzeko. Joera horien artean, besteak beste, honako hauek identifikatu dira: biztanleriaren zahartzea, Adimen Artifiziala bezalako teknologia disruptiboak, klima-erronka eta jasangarritasuna, talentua erakartzeko erronka, Europako enpresen lehiakortasun-galera maila globalean edo inflazio-maila handiek eragindako tasa altuak.
Azterketa horren ondoren, LEA/AVCk beharrezkotzat jo du aurreko Plan Estrategikoaren Misioaren zenbait gai egokitzea ere. Zehazki, ekonomia eta gizarte eragileei, erakunde publikoei eta herritarrei prestakuntza eta sentsibilizazioa gehitu ditu, Euskadin lehia eraginkorraren arloan sustatzeko alderdi gisa. Erakundearen Ikuspegia ere berrikusi da, eta kudeaketa aurreratuko praktikak gehitu ditu erakundea errespetatua eta aitortua izateko alderdien barruan, bai eta euskal merkatu jasangarriagoa, bidezkoagoa eta solidarioagoa bilatzea ere.
Barne-egiturari dagokionez, LEA/AVCk Planean jasotzen du indartzeko beharra duela, Eraldaketa Digitaleko Proiektuei baliabide egokiekin ekiteko, eta, horrela, Big Datan eta Adimen Artifizialean oinarritutako merkatu-datuak ikertzeko tresna berriei etekina atera ahal izateko.
Aurreko Plan Estrategikoaren kasuan bezala, LEA/AVCk norabide berriaren ildo guztiak jorratuko ditu urteko Ekintza Planen bidez. Plan horietan, zehaztutako estrategia gauzatzeko jarduketa eta neurri zehatzak sartuko dira.
2024-2028 Plan Estrategikoa esteka honetan kontsulta daiteke.
Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz
Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.