PRENTSA-OHARRA
Erakundeak "oso larritzat" jo du Donostialdeko beilatokiaren nagusitasun-posizio abusua. Ebazpen baten bidez ia 100.000 euroko isuna ezarri dio enpresari eta, solidarioki, haren matrizeari, Mémorari.
Egiaztatu ahal izan denez, enpresak behin baino gehiagotan ukatu zien Villabonako beilatokiaren erabilera beste ehorztetxe batzuei, eta, ondorioz, hildakoen senideek Mémorari enkargatu behar izan zioten zerbitzua.
2024ko abuztuaren 6a
Lehiaren Euskal Kontseiluak, uztailaren 30ean egindako bilkuran, Villabona Beilatokiarekin lotutako zehapen-espedientea ebatzi du. Prozesua hasi zenetik bi urte igaro ondoren, erakundeak egiaztatu du Tanatorio Donostialdea-Donostialdeko Beilatoki, S.A. (TADOSA) enpresak arau-hauste bakarra eta jarraitua egin duela nagusitasun-posizio abusuan. Solidarioki, Mémora Servicios Funerarios SL bere matrizea ere erantzuletzat jo du.
Lehiaren Euskal Agintaritzak "oso larritzat" jo du arau-haustea, eta 99.378 euroko zehapena ezarri dio enpresari.
Gertakariak 2022an iritsi ziren Lehiaren Euskal Agintaritzara. Inguruko enpresa batek Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi zion TADOSAk ukatu egin ziola Villabonako beilatokiko aretoa erabiltzea. Garai hartan, TADOSA (beste enpresa batekin batera, FURESA) Funeraria Vascongada markagatik zen ezaguna. Hori Rekalde Taldearena zen, 2022an Mémorak talde horretako sozietateen kontrol esklusiboa eskuratu zuen arte.
Ebazpenean frogatutako gertakarien arabera, Villabonako beilatokia da udalerrian dagoen bakarra, eta bi bela-gela ditu. Funtsezko baliabidea denez, enpresa lehiakideek instalazio horietarako sarbidea erraztu beharko lukete. Hala ere, Funeraria González enpresak areto horietako bat eskatu zuenean, (garai hartan) FURESAk ezetz erantzun zion, hainbat arrazoi emanez. Albia enpresari ere ukatu zizkioten zerbitzuak, 2022an zehar aretoak uzteko bi enkarguri ezetz esan ondoren; hala, senideek zuzenean jo behar izan zuten Mémorara Villabonako zerbitzura sarbidea izateko.
Ebazpen osoa esteka honetan kontsulta daiteke.
Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz
Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.