PRENTSA-OHARRA
Administrazioarekiko auzien salak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzaren 200/2019 Dekretuaren artikuluen zati baten deuseztasuna, 30 minutu lehenago VTCa kontratatzera behartzen zuena eta geolokalizazioa debekatzen zuena.
Eusko Jaurlaritzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia errekurritu zuen, Lehiaren Euskal Agintaritzari (LEA) arrazoia eman baitzion Dekretuaren aurka jarri zuen errekurtsoan.
2023ko otsailaren 28a
Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio berriro Lehiaren Euskal Agintaritzari (LEA/AVC), behin betiko berretsi baitu EAEko Dekretu baten bi artikuluren deuseztasuna, gidaridun garraio ibilgailuak (VTC) 30 minutu lehenago kontratatzera behartzen eta bezeroek ibilgailuak geolokalizatzea debekatzen zutenak. Auzitegi Gorenak atzera bota du Eusko Jaurlaritzak eta taxilarien elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) 2021ean emandako epai baten aurka jarritako kasazio-errekurtsoa.
2019ko irailean, EAEANk baliogabetu egin zituen LEA/AVCk errekurritutako dekretuaren 2 .2 eta 2.5 artikuluak, 30 minutuko tartea eskatzeari eta geolokalizazioa debekatzeari buruzkoak. Uberrek ere EAEko araudia errekurritu zuen. Lehiaren Euskal Agintaritzak defendatzen zuen lehentasun hori eman behar izateak zaildu egiten diela VTCei merkatuan sartzea. LEA/AVCk baliogabetzeko eskatu zuen, kontsumitzaileen kalterako enpresa-askatasuna murrizteagatik, eta, gainera, 20/2013 Legearen aurkakoa izateagatik, geolokalizazioaren murrizketa bezalaxe.
Orain, Gorenak atzera bota ditu Eusko Jaurlaritzak eta taxi-elkarte batzuek EAEAN-ren bi epaien aurka aurkeztutako errekurtsoak. Epai horien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren abenduaren 17ko 200/2019 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoan Estatu-mailako baimena (VTC-N) duten ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko zerbitzua emateko baldintzei buruzkoaren, bi artikuluak baliogabetzen dira.
Dekretuaren bi artikuluek baldintza zorrotzak ezartzen zituzten VTCen sinaduretarako, eta hobeak taxien sektorerako. LEA/AVCren arabera, enpresa-askatasuna murrizten zuten. Orain, Gorenak doktrina jurisprudentzial gisa ezarri duenez, "arau autonomikoan VTC zerbitzuak eman baino gutxienez 30 minutu lehenago kontratatu behar izatea eta ibilgailuak kontratatu aurretik geolokalizatzea debekatzea ez dira bateragarritzat jotzen enpresa-askatasunerako eskubidearekin (Espainiako Konstituzioaren 38. artikulua), eta ez du gainditzen Merkatu Batasuna Bermatzeko Legearen 5. artikuluak eskatzen duen premia-, egokitasun- eta proportzionaltasun-kanona".
Sententzia esteka honetan kontsulta daiteke.
Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz
Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.