Prentsa

Lehiaren Euskal Agintaritzak 10. urteurrena ospatu du merkatuen funtzionamendu egokiaren garrantzia azpimarratuz

Argitalpen-data: 

PRENTSA OHARRA

Lehiaren Euskal Agintaritzak 10. urteurrena ospatu du merkatuen funtzionamendu egokiaren garrantzia azpimarratuz  

Gaur goizean ekitaldia izan da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bertan izan dira Alba Urresola erakundeko presidentea eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua. Joaquin Almunia Europako Lehiarako komisario ohiaren eta Daniel Innerarity Globernance Institutuko zuzendariaren hitzaldiak ere izan dira.

Lehiaren Euskal Agintaritzako batzordekide Enara Venturinik, gainera, KOMP Sariak eman ditu, lehiaren arloko jardunbide egokiak aitortzeko. CAF enpresa gipuzkoarrak eta SPRI Taldeak jaso dute.

Ekitaldian, erregulazioa eta LEAk egindako lana balioetsi dira; izan ere, organismoaren lehiaren defentsarako jarduerak 2,5 milioi euroko eragina izan du 2017 eta 2021 artean.

Bilbon, 2022ko ekainaren 13an

Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) hamargarren urteurrena ospatu du gaur goizean Bilboko Euskalduna Jauregian izan den ekitaldi baten bidez. Ehun bat pertsona izan dira bertan, eta erakundearen ibilbidean protagonista izan diren hainbat mugarri eta pertsona gogoratzeko balio izan du.

Jardunaldia Alba Urresola LEAren presidentearen ongietorriarekin hasi da, eta merkatuen funtzionamendu onaren garrantzia azpimarratu du: “Euskadin lehia bermatzea, enpresei ez ezik, administrazio publikoari eta kontsumitzaileei ere onurak ekartzen dizkiena, bereziki garrantzitsua da pandemia osteko une hauetan. Ezinbestekoa da susperraldi ekonomiko iraunkorrerako eta eraldaketa soziala lortzeko. Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduera tresna eraginkorra da garapen ekonomikoa, berrikuntza, baliabide publikoen optimizazioa eta, azken batean, kontsumitzaileen babesa bultzatzeko”. Izan ere, 2017-2022 Plan Estrategikoaren ebaluazioari buruz aurreratu dituen datuen arabera, LEA/AVCren lehiaren defentsa-jardueraren eragina 2,5 milioi eurokoa izan da aldi horretan.

Joaquin Almunia Lehiarako komisario ohi eta Europako Batzordeko presidenteorde ohiak ere parte hartu du ekitaldian, hitzaldi baten bidez: “Lehia-politika Europako merkatu bakarrean sakontzeko tresnarik eraginkorrenetako bat da”, nabarmendu du. Almuniaren arabera, “orain, digitalizazioaren eta plataforma teknologiko handien ondorioz, EBk politika horretan esku hartzeko mekanismoak osatu behar ditu, besteak beste, datozen hilabeteetan indarrean jarriko den Merkatu Digitalen Legearekin”.

Daniel Innerarity Globernance Institutuko zuzendaria izan da gaur goizeko beste gonbidatuetako bat: “Defendatu beharreko merkatua ez da harreman ekonomikoen multzoa, baizik eta beste balio batzuk biltzen ditu, hala nola Garapen Iraunkorreko Helburuetan jasotakoak, horiek gabe ez bailitzateke merkatu benetan libre eta orekaturik egongo. Gainera, lehiaren erregulazio berriek kontuan izan behar dute jada ez gaudela estatuen eta merkatuen arteko eztabaida zaharrean, baizik eta maila anitzeko gobernantza-espazioetan, eta horiek oreka berria eskatzen dutela autonomiaren eta erregulazioaren artean”.

KOMP Sarien banaketa

Ekitaldia amaitzeko, lehen KOMP Sariak banatu dira, Enara Venturini LEAko Kontseiluko kidearen eskutik. “Aitzindari gisa ahalegin handia egin duten eta lehia askearen garrantziaz jabetu diren eta beren enpresa-politika inspiratzen duten printzipioetako bat bezala ikusten duten erakundeak lagundu nahi ditugu”.

Eremu pribatuan, CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresa gipuzkoarra izan da saritua. Beasainen du egoitza eta trenak eta trenbide-materiala eraikitzen ditu. Sektore publikoan, SPRI Taldeak jaso du aitorpena, Eusko Jaurlaritzaren Enpresa Garapenerako agentziak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mende dago, eta euskal industria sustatzen du, batez ere digitalizazioan, nazioartekotzean, berrikuntzan, zibersegurtasunean, azpiegituretan edo ekintzailetzan.

Saria Josetxu Zugasti artista eibartarraren lan bat izan da. Euskalduna Jauregiaren inguruan dagoen ‘A la deriva’ eskulturaren oroitzapenezko grabatua da. “Zer hobeto gure enpresak saritzeko Euskadiren iragan industriala gogorarazten duen eta gure enpresa-sarearen DNA irudikatzen duen lan honekin baino?”, amaitu du Venturinik.

Gainera, Urresolak hirugarren sari gehigarri bat eman die hasieratik erakundearentzat lan egin duten lehiakortasunaren ardura duten teknikariei. Ekitaldia Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzaldiarekin amaitu da: “Oso pozik egon behar dugu erakundearen jarduerarekin. Nazioarteko lehia-agintarien joera ikusi besterik ez dugu egin behar, Norvegia, Suedia edo Mexiko bezalako herrialdeak saiatzen ari baitira hori bultzatzen eskualde- eta toki-eremuetatik. Hain zuzen ere, horixe da Euskadin egin nahi dena, administrazio publikoekin, enpresekin eta kontsumitzaileekin hitz egitea, aurre egin behar dieten arazoak eta zailtasunak ulertzea eta lehia askearen printzipioak errespetatzen laguntzen saiatzea. Horregatik, uste dut bide onetik goazela”.

 

Informazio gehiago:

Eduardo Ortiz de Arri

647 770052