Prentsa

Lehiaren Euskal Agintaritzak "Radar meteorologikoak" izeneko zehapen-espedienteari buruzko ebazpena eman du

Argitalpen-data: 

Lehiaren Euskal Agintaritzak zehapen-espedientea ireki zuen 2019ko abenduan 6 enpresaren aurka, Kapilduiko radarra mantentzeko zerbitzuaren lizitazioaren barruan Lehiaren Defentsarako Legearen 1. artikulua urratu izanaren zantzuak zeudelako. Hala ere, zuzeneko frogarik ez dagoenez, zehapen-espedientea lehiaren aurkako jokabiderik egiaztatu ahal izan gabe ebatzi da.

BILBON, 2021eko maiatzaren 6an / Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) merkatuan radar meteorologikoak mantentzen diharduten 6 enpresari irekitako zehapen-espedienteari buruzko ebazpena eman du, eta adierazi du ezin izan dela egiaztatu Lehiaren Defentsarako Legearen (LDL) aurkako jokabiderik dagoenik Kapilduiko radar meteorologikoa mantentzeko eta kudeatzeko lizitazioari dagokionez.

 

LEA/AVCko Ikerketa Zuzendaritzak, Kapilduiko radar meteorologikoaren mantentze eta kudeaketa zerbitzua kontratatzeko lizitazioari buruzko informazio erreserbatu bat hastea ebatzi zuen 2019ko irailean. Radar meteorologikoen mantentze-lanei buruzko merkatu horretan, enpresa gutxi batzuek egiten dute lan, Espainia osoan 4k zehazki, eta lehiaren hainbat agintariren zigorrak jaso dituzte: 2018an, Autoritat Catalana de Competència (ACCO) izenekoarena, Kataluniako Zerbitzu Meteorologikoaren eskaintza publikoetan bid rigging hitzarmenak egiteagatik edo kolusioa izateagatik, eta, 2020an, lehiari buruzko estatuko agintaritzarena (CNMC), AEMETen lizitazioetan izandako kolusiozko jokabideengatik, baita ere. Karteletan parte hartu zuten enpresei isun ekonomiko handiak eta administrazio publikoarekin kontratatzeko debekua ezarri zitzaizkien.

 

Testuinguru horretan, Kapilduiko radarrean mantentze-lanak egiteko lizitazioan eskaintza bakarra aurkeztea eta 2011. urteaz geroztik mantentze-zerbitzua egin duen enpresa berari esleitzea nahikoa zantzu ziren LEA/AVCk lehiaren arloko espediente bati hasiera emateko. Hala ere, gainerako enpresa lehiakideak lizitaziora aurkeztu ez izanaren zuzeneko frogak lortzeko zailtasuna dela eta, errugabetasun-presuntzioaren printzipioa gailendu da, eta ezin izan da presuntzio-froga batean oinarritutako zehapenik ezarri.

 

Izan ere, kolusiozko jokabideen zuzeneko frogarik ez dagoenez, eta espedientatutako enpresek (ADASA SISTEMAS, S.A.U., AFC INGENIEROS, S.A., ATOS IT SOLUTIONS AND SERVICES IBERIA, S.L., DTN SERVICES AND SYSTEMS SPAIN, S.L., INSTALACIONES Y EQUIPAMIENTOS METEOROLO?GICOS, S.L., eta MCV, S.A.) aztertutako lizitazioan eskaintzarik aurkeztu ez izanari buruzko azalpen koherenteak aurkeztu dituztenez, Lehiaren Euskal Agintaritzak, segurtasun juridikoa bermatze aldera, adierazi du ez dela egiaztatu espedientatutako enpresen jarduketan Lehiaren Defentsarako Legea urratu denik.

 

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren esku dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta autonomia organikoa eta funtzionala du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez.

Errukitasun programari buruz

Kartelen ikerketa da Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduketaren lehentasunetako bat, kontsumitzaileentzat eta merkatuen funtzionamendu egokian dituen ondorioen larritasun berezia dela eta. Horretarako, beste batzuen artean “Errukitasun Programa” dago. Programa horren bitartez, kartel bateko kide diren enpresak zigorra ordaintzetik salbuetsita geratzen dira edo zigorraren kopurua txikitzeko aukera dute, dagoeneko hasita dagoen ikerketari dagokionez balio erantsi esanguratsua duen informazioa ematen badute.