Prentsa

Lehiaren Euskal Agintaritzak emakumeek lehiaren esparruan duten eginkizuna bultzatuko du UPV/EHUren Udako Ikastaroen barruan

Argitalpen-data: 

Ekainaren 18an emango den "Emakumearen ahotsa lehia-eskubidearen egungo erronken aurrean" ikastaroa zuzenduko du.

Ikastaroak, lehiaren arauen diseinuan, balorazioan eta aplikazioan emakumeak duen ikuspegia emango du.

Bilbon, 2021eko ekainaren 3an / Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) emakumeek lehiaren arloan duten zeregina ikusaraziko du ekainaren 18an Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Udako Ikastaroen barruan emango den “Emakumearen ahotsa lehia-eskubidearen egungo erronken aurrean” ikastaroaren bidez.

Ikastaroaren helburua, lehiaren arauen diseinuan, balorazioan eta aplikazioan emakumeak duen ikuspegia ezagutzea eta zehaztea, eta genero-ikuspegiak prebentzio- eta errepresio-tresnen diseinuan lehiaren aurkako jokabideetan nola eragiten duen jakitea da.

Orain arte ia ez da lehiaren eskubidearen diseinuko eta aplikazioko genero-ikuspegiari buruz hausnartu, ezta enpresen arteko harremanak arautzen dituzten arau juridikoekin lotutako beste eremu batzuetan ere. Ikastaroaren zuzendaritzak emakumearen ikuspegiak lehiaren eskubidea hobetzeko ematen dituen abantailak aprobetxatu nahi ditu.

Alba Urresola Clavero Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteak eta Aitor Zurimendi Isla UPV/EHUko Merkataritza Zuzenbideko katedradunak zuzendutako ikastaroan, gaur egun lehia-zuzenbidearen arloan eztabaidatzen ari diren hainbat gai aukeratu dira. Gai horiek gaian adituak diren emakumeek garatuko dituzte.

Jardunaldiari hasiera emateko, Cani Fernández Vicién Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko (MLBN/CNMC) presidenteak “Genero-ikuspegia lehia-arauen balorazioan” gaiari buruz hitz egingo du.

Marisa Tierno Centella Europako Batzordeko Lehiaren Zuzendaritza Nagusiko Kartelen Unitateko buruak, galdera honi erantzungo dio: “Ba al dago genero-ikuspegirako lekurik kartelak eta lehiaren aurkako beste jokabide batzuk detektatzeko eta zigortzeko tresnen diseinuan?”.

Alba Urresola Clavero Lehiaren Euskal Agintaritzako presidentea, eta Despina Pachnou, ELGA-OCDEko lehian aditua, “Erregulazio eraginkorra, merkatuetan benetako lehiari eusteko osagarri gisa” gaiari buruz arituko dira.

“Lankidetza publiko-pribatua eta horrek lehian duen eragina” izango dute hizpide Enara Venturini Álvarez Lehiaren Euskal Agintaritzako kideak eta Susanna Grau Arnau Autoritat Catalana de la Competenciako Instrukzio Zuzendariak. Elena Leiñena Mendizabal UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendari eta Merkataritza Zuzenbideko Irakasle Agregatuak, “Europar Batasuneko antitrust zuzenbidearen bilakaera eta erronka berriak enpresa-kontzentrazioen kontrolean, konpainia teknologiko handien lehiaren aurkako ondorioen aurrean” gaiari buruz hitz egingo du.

Carmen Herrero Suárez Valladolideko Unibertsitateko Merkataritza Zuzenbideko Irakasle Titularraren “Merkatu digitaletako lotura-jardunbideak: Microsoftetik Googlera” hitzaldiak emango dio amaiera ikastaroari.

 

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren esku dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta autonomia organikoa eta funtzionala du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez.