Portal de la Autoridad Vasca de la Competencia

Lehiaren Euskal Agintaritza logotipoa

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ciudadanía

Lehiaren Euskal Agintaritza

Terminoen glosarioa

 

 

Aminus curiae

Auzi baten alderdiak ez direnek, baina auziaren ebazpenari buruz frogatu eta justifikatu daitekeen interesa dutenek, auzirako juridikoki garrantzitsuak izan daitezkeen elementuak aurkeztu ahal izateko helburua duen instituzioa .

Lehiaren defentsari buruzko Legeak organo jurisdikzionalei beren ekimenez informazioa edo oharrak bidaltzeko ahalmena ematen die lehiaren defentsarako agintaritzei, Lehiaren Zuzenbidearen aplikazio pribatuko kasuetan. Ondorioz, amicus curiae gisa ari daitezke.

  

Artxibatzea

Lehiaren agintaritzen organo ebazleen ebazpena. Horren bidez, informazio erreserbatu bat amaitutzat jo eta zehapen-prozedura bat ez irekitzea erabakitzen da, arau-haustearen zantzurik ez dagoela ondorioztatzeagatik.

Halaber, lehiaren agintaritzen organo ebazleen ebazpena. Horren bidez, zehapen-espediente bat amaitutzat jotzen da eskumenik edo objekturik izan ez edo eskumena edo objektua galduz gero.

  

Egintza desleiala

Objektiboki fede onaren eskakizunen kontrakoak diren egintzak, Lehia Desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legeak ezarritakoak.

Lehiaren defentsarako agintaritzek lehia askea larriki faltsutzeagatik interes publikoari kalte egiten dioten lehia desleialeko egintzen aurka bakarrik jardungo dute.

Enpresa

Jarduera ekonomiko bat burutzen duen edozein pertsona edo erakunde, beronen estatutu juridikoa, izena eta finantzatzeko modua dena delakoa izanik ere.

Errukitasun-programa edo Isun-ordainketa salbuestea

Lehiaren agintaritzek duten tresna kartelak antzemateko. Horren bidez, isun-ordainketa salbuetsi diezaiekete, guztira edo zati batean, kartela antzeman eta desegiteko laguntza ematen duten kartel-kideei, kartelaren bultzatzaileak ez badira eta debekatutako jokabidean parte hartzeari uzten badiote.

Europako Batzordearen Ikerketa Zuzendaritza Nagusia

Europako Batzordearen organoa, lehiari buruzko Europako araudia aplikatzen duena.

http://ec.europa.eu/competition/index_en.html

 

Garrantzi txikiko jokabidea ("de minimis")

Lehiaren Defentsari buruzko Legeak debekatutako jokabidea. Hala ere, garrantzi txikia izateagatik, lehiari modu nabarmenean eragiteko gauza ez diren jokabidetzat hartzen da eta Legearen debekuak ez zaizkio ezartzen.

Jokabide hauek zehazteko irizpideak Lehiaren Defentsari buruzko Erregelamenduaren 1., 2. eta 3. artikuluek garatu dituzte, baita 2001eko “Batzordearen Komunikazioa, Europar Batasuna eratzeko Tratatuaren 81. artikuluaren 1. idatz-zatiaren zentzuan lehiari modu nabarmenean eragiten ez duten garrantzi txikiko akordioei buruzkoa (de minimis)” arauak ere.

  

Hertsatzeko isuna

Nahitaez betearazteko neurria (indarrean dagoen lehiari buruzko legerian eguneko 12.000 eurora arteko isuna izan daiteke), eragile ekonomikoak ondokoa egitera behartzeko xedea duena: jokabide jakin bat bertan behera uztera, debekatzekotzat jo bada; lehia murrizten duen jokabide batek eragindako ondorioak eraldatzera; lehiaren agintaritzetako organo ebazlearen ebazpenetan jarritako konpromisoak edo baldintzak betetzera; laguntzeko betebeharra betetzera; edo zuhurtasunezko neurriak betetzera.

Ikerketa Zuzendaritza

Zehapen-espedienteen instrukzioa egiten duen Lehiaren Euskal Agintaritzaren organoa.

Ikuskapena

Lehiaren agintaritzetako langileak enpresetara, , enpresen elkarteetara eta enpresarien, administratzaileen eta enpresetako beste langile batzuen etxebizitzetara sartzea, beharrezkotzat jotzen duten informazioa eskuratzearren.

Langile horiek ondoko ahalmen hauek izango dituzte ikuskapenean: kasuan kasuko jardueraren inguruko liburuak, erregistroak eta dokumentuak egiaztatzekoa, horien euskarri materiala edozein dela ere, programa informatikoak eta artxibo magnetikoak, optikoak edo bestelakoak barne; liburu edo agiri horien kopiak edo laburpenak edozein formatutan egin edo eskuratzeko; aipatutako liburu edo agiriak gehienez ere hamar egunez atxikitzekoa; enpresaren lokal guztiak, liburuak edo agiriak eta gainerako ondasunak behar beste denboraz nahiz beharrezkoa den neurrian zigilatzekoa; enpresaren edozein ordezkari edo langileri edo enpresen elkartearen edozein ordezkari edo kideri ikuskatzearekin zerikusia duten gertakari edo agiriei buruzko azalpenak eskatzekoa, eta emandako erantzunen berri jasotzekoa.

 

Informazio erreserbatua

Lehiaren agintaritzek egindako jarduera administratiboak, zehapen-espediente bat izapidetzen hasi aurretik horretarako arrazoirik dagoen edo ez erabakitzeko modua izateko.

Bere izenari jarraiki, fase hau lan isilekoa eta zehapen-espediente bat izapidetzen hasi aurretikoa da. Hortaz, fase honetan egindako jarduerak ezin dira jendaurrean jarri, ezta ikertutakoek eskuratu ere.

 

Instrukzioa

Lehiaren agintaritzetako organo instrukzio-egileak egindako jarduera administratiboak, zehapen-prozedura irekitzen denetik ebazpen-proposamena organo ebazleari aurkezten zaion arte.

Irekitzea

Lehiaren defentsari buruzko zehapen-prozeduraren hasiera formala.

Prozedura lehiaren agintaritzen organo instrukzio-egileak hasiko du ofizioz, bere kabuz, edo organo ebazleak eskatuta edo salaketaren bat izan delako.

 

Isilpekotasuna

Espediente bateko datu edo dokumentu batzuk sekretutzat jotzea.

Isilpekotasun-adierazpena ofizioz edo aldeetako batek eskatuta egin daiteke. Aldeetako batek eskatzen badu, arrazoiak emanez egin beharko du, eta gainera, isilpekotasunik ez duten datu eta informazio horien bertsioa aurkeztu behar izango du.

Isilpekotzat jotako elementuekin, espedienteko aparteko atal bat osatzen da.

 

Isuna

Lehiaren agintaritzetako organo ebazleek zehapen-prozedura amaitutzat jotzen duen ebazpenean ezarritako diru-zehapena.

Itundutako amaiera

Zehapen-prozedura baten aparteko amaiera, lehiaren agintaritzen organo ebazleak ebatzia, ustezko arau-hausleek konpromiso batzuk hartzea proposatzen dutenean, eta horien bidez espedientea irekitzea eragin duten jokabideek lehian dituzten ondorioak konpontzen badira eta interes publikoa behar beste bermatzen bada.

 

Kartela

Bi lehiatzaile edo gehiagoren arteko isilpeko edozein akordio, horien helburua ondorengoetako bat bada, alegia, salneurriak, ekoizpen-kuota edo salmenta-kuotak finkatzea, merkatuak elkarren artean banatzea (tartean direla iruzurrezko enkanteak) edo inportazio edo esportazioak murriztea.

Kolusiozko jokabidea

Akordioa, erabaki edo gomendio kolektiboa, edo hitzartutako jardunbidea edo jakinaren gaineko jardunbide paraleloa, horien helburua ondorengoa bada edo izan badaiteke: merkatu batean lehia eragotzi, murriztu edo faltsutzea.

 

Konpromisoa

Ustezko arau-hausleek aurkeztutako proposamena, “itundutako amaiera” baten eremuan, espedientea irekitzea eragin zuten jokabideek lehian zituzten ondorioak konpontzeko eta interes publikoa behar beste bermatzeko.

Lehiaren agintaritzen organo ebazleek onartzen badute konpromisoa, lehiaren arazoak konpontzen dituelako, baldintza edo betebehar bihurtzen da, egiturei edo jarrerei dagozkiena, lehiaren agintaritzen organo ebazleek prozedura amaitutzat jotzen duen ebazpenean ezarritakoa.

  

Kontzentrazio ekonomikoa

Eragiketa ekonomikoa zeinaren bidez enpresa baten edo hainbat enpresaren kontrol osoa edo kontrolaren zati bat aldatu egiten denean modu egonkorrean, ondoren zehazten den arrazoiren batengatik: lehen independenteak ziren bi enpresa edo gehiagok bat egin dutelako, edo enpresa batek beste enpresa baten edo batzuen osotasunaren edo zati baten kontrola eskuratu duelako, edo partaidetza bidezko enpresa bat sortzen denean.

Lehiaren Euskal Agintaritzak txosten bat egingo du kontzentrazio ekonomikoei buruz Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak izapidetzen duen espedientean sartzeko, kontzentrazioek Euskal Autonomia Erkidegoari modu nabarmenean eragiten badio eta kontzentrazio ekonomikoak kontrolatzeko prozeduraren bigarren fasea hasi bada, hau da, ondorioztatzen denean kontzentrazioa baimentzeak oztopoak jartzen dizkiola merkatuko lehia eraginkorrari.

 

Laguntza publikoa

Operadore ekonomikoei baliabideak ematea diru publikoaren kontura, edo botere publikoek emandako edozein abantaila, merkatuen baldintzetan operadore ekonomikoek aurre egin behar diren kargak murrizten badituzte, edo merkatuen baldintzetan ordaina ekartzen ez badute. Europar Batasunak oso gogor arautzen du neurri hau, enpresen arteko berdintasunezko estandar gutxienekoak errespetarazteko eta merkatu erkidearen barruko lehia ez kaltetzeko xedeaz.

Lehiaren Euskal Agintaritzak, lehia sustatzearren, laguntza publikoei buruzko txostenak idazteko aukera du, euskal merkatuetan lehia bideragarria mantentzeari begira zer nolako ondorioak dituzten jakiteko.

Laguntzeko betebeharra

Pertsona fisiko edo juridiko ororen eta edozein herri-administraziotako erakunde ororen betekizuna, Lehiaren Defentsari buruzko Legea aplikatzeko beharrezkoak diren datu eta informazio guztiak lehiaren agintaritzei ematekoa.

Lehiaren Defentsari buruzko Legeak arau-hauste arintzat hartzen du laguntzeko betebeharra ez betetzea, eta enpresa arau-hauslearen urteko negozio-bolumenaren ehuneko 1era arteko isuna ezar daiteke.

 

Lehia

Eragile ekonomikoek (enpresek eta kontsumitzaileek) benetako askatasuna duten egoera, bai ondasun eta zerbitzuak eskaintzeko, bai nori erosten dizkieten eta zein baldintzatan erosten dituzten aukeratzeko.

 

Lehiaren defentsa

Lehiaren agintaritzek egindako jarduerak, lehia murrizten duten jokabideak esetsi eta merkatuetako lehia askea berrezartzeko.

Lehiaren Europako Sarea (ECN)

Europako Batzordea eta EBko estatu kideetako lehiaren agintaritza nazionalak elkarlanean aritzeko sarea.

http://ec.europa.eu/competition/ecn/index_en.html

Lehiaren Euskal Agintaritza

Administrazioko erakunde autonomo gisa, ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikia, berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa dituena bere eginkizunak betetzeko.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatu, bermatu eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez.

 

Lehiaren Euskal Kontseilua

Lehia sustatzeko eta horri lotutako gaiez ebazteko Lehiaren Euskal Agintaritzaren kide anitzeko organoa. Lehendakariak, burua baita, bi kontseilukidek eta idazkari nagusiak osatzen dute; azken horrek ahotsa bai, baina ez du botorik izango.

Lehiaren sustapena

Lehiaren agintaritzen jarduerak, merkatuetako lehia hobetu eta errazteko. Bereziki aipagarriak dira herri-administrazioen aurrean egindako sustapen-jarduerak, bai eragile ekonomikoak diren aldetik, bai merkatuen arautzaileak diren aldetik.

 

Lehiaren Nazioarteko Sarea (ICN)

Mundu osoko lehiaren agintaritzak biltzen dituen sare informala.

http://www.internationalcompetitionnetwork.org/

  

Liberalizazioa

Monopolioak zeuden antzinako merkatuak (garraioa, posta-zerbitzuak, argindarra, hidrokarburoak edo telekomunikabideak) irekitzeko prozesua, lehia askeraino.

Merkatu adierazgarria

Enpresen arteko lehia garatzen den merkatu zehatza. Hori mugatzea nahitaezkoa da lehia murrizten duen jokabidearen ondorioak zehaztu eta balioztatzeko.

Merkatu adierazgarria zehazteak produktu-merkatuaren eta merkatu geografikoaren perspektiba bikoitzetik egin beharra dakar.

- Produktu-merkatua

Kontsumitzaileek trukagarritzat nahiz ordezkagarritzat dituzten produktu eta zerbitzu guztiak, beren ezaugarriak, salneurria nahiz zertarako erabiliko diren kontuan izanik.

- Merkatu geografikoa

Ukitutako enpresek erreferentziazko zerbitzuak emateko eta produktuak hornitzeko jarduerak garatzen dituzten eremua. Eremu horretan lehia baldintzak aski homogeneoak dira eta hurbileko beste alde geografiko batzuetatik bereiz daitezke, bereziki, bertan gailentzen diren lehia baldintzak beste haietatik nabarmen aldentzen baitira.

 

Merkatu kuota

Enpresa baten tamaina erlatiboa, sektore edo merkatu zehatz batean, sektore edo merkatu horretako ekoizpen, salmenta edo ahalmen guztizkoarekin konparatuz.

Enpresek gehien aipatzen dituzten merkataritza-helburuen artean, mozkinekin batera, merkatu-kuota handitzea agertzen da, merkatu-kuotaren, eskala-ekonomien eta mozkinen arteko korrelazio positiboa egoten delako merkatu-ekonomietan.

Lehiari buruzko analisietan, merkatu-kuota nagusitasunezko egoeraren adierazle bat da. Horri dagokionez, merkatu-kuotaren maila absolutua ez ezik, horren maila erlatiboa ere, lehiakideekin konparatuta, aintzat hartu behar da. Hala ere, merkatu-kuota handia duten enpresek ere ez dute nahitaez nagusitasunezko egoerarik; hori gertatzen da, adibidez, merkatu horretan sartzeko barrerak murritzak direlako eta, ondorioz, lehiakideak sartzeko mehatxuak nagusitasunezko egoeraz baliatzea eragozten du.

 

Nagusitasunezko egoera

Era independente samarrean jarduteko ahalmena duen enpresaren egoera, bere hornitzaileak, edo bezeroak edo kontsumitzaileak, eta lehiakideak aintzat hartu gabe aritzea ahalbidetzen diona.

 

Nagusitasunezko egoeraz abusatzea

Enpresa batek edo batzuek euren nagusitasunezko egoeraz neurrigabeki esplotatzea.

Abusua, besteak beste, ondorengoak dira: bidezkoak ez diren salneurriak edo beste merkataritza edo zerbitzu-baldintza batzuk inposatzea; ekoizpena, banaketa edo garapen teknikoa mugatzea; produktuak erosteko edo zerbitzuak eskaintzeko eskariari ezetz esatea, horretarako arrazoirik eman gabe; merkataritza- edo zerbitzu-harremanetan, baldintza ezberdinak ezartzea baliokideak diren prestazioentzat; kontratuak hitzartu ahal izateko beste prestazio osagarri batzuk eskaintzeko baldintza jartzea, baldin eta prestazio horiek eskatzeak ez badu zer ikusirik kontratuen helburuarekin.

 

Nagusitasunezko operadorea

Era independente samarrean jarduteko ahalmena duen enpresa, bere lehiakideak, hornitzaileak edo bezeroak aintzat hartu gabe.

Sarrerako barrera

Merkatu jakin batean operadore berriak sartzea eragozten duten zailtasunak.

Honakoak bereizten dira: legezkoak, tekniko-ekonomikoak edo merkatuan lehendik dauden enpresa finkatuetatik eratorritakoak.

Zaintza

Lehiaren agintaritzen organo instrukzio-egilearen jarduera administratiboak, organo ebazleak emandako ebazpenak betetzen direla zaintzeko, bai jokabide murriztaileen inguruan bai zuhurtasunezko neurrien inguruan.

Zehapena

Lehiaren agintaritzetako organo ebazleek zehapen-prozedura amaitutzat jotzen duen ebazpenean ezarritako neurria. Ondokoak izan daitezke: isunak ezartzea, baldintza edo betebehar jakin batzuk ezartzea edo debekatutako jokabideak mugiarazteko agintzea.

Zuhurtasunezko neurria

Prozedura batean hartutako erabakia, prozedura hori amaitutzat jotzen duen ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko. Ofizioz edo aldeetako batek eskatuta har daiteke, betiere dagokion zehapen-espedientea ireki bada.

Azken aldaketako data:  2013/12/11
Euskadi, auzolana